Udazkeneko eskaerak egiteko epea bukatuta eta saskiak bidean jarrita, balantzea aurkeztu dute Errigorako kideek: 14.000 saskitarako eskariak jaso dituzte aurten. Eta, saski horiekin, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari 185.000 euroren ekarpena egingo diotela azaldu dute. Emaitza hori ikusita, beraz, azpimarratu dute “bete-betea” izan dela aurtengo Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina. “Zorion eta esker on keinuak elkarbanatzeko milaka arrazoi ditugu”.
Errigora ekimenak hamar urteko ibilbidea betetzen du aurten eta, adierazi dutenez, bi milioi eurokoa izan da guztira urteotan egindako diru ekarpena. Ager eremuko AEK; Lodosa, Tutera eta Vianako ikastolak; eskola publikoetako D ereduko lerroak eta Agerraldia bultzatzeko erabili dute diru hori.
Udazkeneko kanpainan saldutako 14.000 saski horietatik, 44 saski Deban saldu dira. Zuhatza Euskara Elkartearen babesa du ekimenak herrian; hori hala, zuhatzakideek produktuak Deban bertan jasotzeko aukera izango dute oraingoan ere. Azaroaren 22an (bihar), egingo da banaketa, elkartearen bulegoan (11:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 19:00etara).