Errege kabalgatarako apaingarriak sortzeko material bilketa egingo dute

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2024ko abe. 12a, 09:43

Kabalgata egunerako apaingarriak prestatzeko tailerrak antolatuko dituzte aurten Deban, estreinakoz, eta eskulanak egiteko material bilketa abiatu dute egunotan. Antolatzaileek herritarren laguntza eskatu dute.

Debako Errege kabalgataren antolakuntza taldea hasia da urtarrilaren 5eko hitzordua prestatzen. Jakinarazi duenez, gainera, berritasunak izango dira aurten, lehen aldiz apaingarriak egiteko tailerrak ere egingo baitira aurrez.

Tailerretan sortutako materialarekin atonduko dute Errege Magoen kabalgata, baina guztia txukun prestatu ahal izateko herritarren eta elkarteen laguntza "ezinbestekoa" dela nabarmendu dute antolatzaileek. "Eskulanak egiteko materiala behar dugu eta eskertuko genizueke bilketan laguntzea", aipatu dute.

Abenduaren 21era bitartean Masillon laga beharko da materiala. Kola zuria, kolore ezberdineko tenpera margoak (gorria, urdina, berdea, horia, laranja, arrosa eta zuria), zilar edo urre koloreko espraiak, biltzeko paper marroia (kraft estilokoa), guata edo kotoi itxurako oihalak eta egunkari zaharrak batuko dituzte bertan.