'Tonto falta galanta'

Erabiltzailearen aurpegia Enrike Izagirre 2025eko azaroaren 5a

Lagun batek aurrekoan: 
-Eninuan ni estudiantia. Gaiztua ez, baina inoiz eskolara juan ez-edo izaten huan. Notak ere holakotxiak etortzen hittuan, eta orduan trumoiak etxe barruan jotzen zin gurian! Halare, behin baretutakoan, lehengora itzuliko ginuan atzera, astua larrera moduan. 

Artian aittona gurekin bizi huan, amaren aitta. Gizon obserbadoria, ixila, gozua gaztiokin. Ahotsa ez zin jasoko, baina gauzak bai zihatz esplikau, egoki. Bueno. Ailegau dittuk berriz notak eta, ordura arte sekula ez bezelaxe, aittonak amari: 

-Utzion. Utzion. Oraindik, ondo pentsatzen ez degula, tonto falta galanta zikanagu etortzeko. Bedar mozten edo bidiak garbitzen norbaittek ein biharko din gero ere, eta utzion.

Mundua geure moldetik neurtzen dugu denok. Nori zer titulu eman ohi diogun da gero.

Gure ama zenarekin gogoratu nintzen. Gaztetan, gurasoenean, sukaldeko mahai gainean zuzendu ohi nituen ikasleen lanak. Suspentsoren batek imintzioren bat eragiten bazidan, hurrenguan gehitxuago ikasteko esaixok erantzungo zidan, suabe, kurioso. Purrustada handitxoa bazen, danak be ez ditxuk estudixatzekuak; josten eta taillarrera be baten bat juan biharko dok aurrerantzian edo antzekoren batekin nahi izango zuen egoera baretu.

Ia erretirora etorrita, gaur delako lagunak dotore irabazten du gure aldean. Irakaslea, berriz, letrak ugari bai, baina, beste aldera, fraketan adabaki bat botatzen ez dakiela gelditu da, esate baterako. Mundua geure moldetik neurtzen dugu denok. Nori zer titulu eman ohi diogun da gero.