Anaia baten aita hil da. Itxura segail eta dotoreko bezain gizon barrutik zuzena ezagutu dugu urte askoan. Ekintzailea, lanaren ahaleginean seguru eraikitako pertsona. Orain gutxi irakurri dut: "Gauza bat gizakia izatea da, eta beste bat Sokrates izatea. Sokrates gizaki bat da, baina gizaki izateko era bakar eta berezia". Bete-betean zegozkion hitzok.
"Ez zenuen hain justu Sokrates izan nahi, baina bizitzarekin topo egitera beldurrik gabe jalgi zinenetik, faltsukeriak doikuntza eskasa izan zezakeen zure izapidean"
Maiz ez dakizu buruak zergatik eguneratzen dizun aspaldiko konturen bat. Zutabe honetara eserita, batzuetan gure amak atera ohi zuen esana bat eta izana bi huraxe ekarri dit akordura. Gaurkoa, berriz, errazago asmatu dut: tradizioa aztertzea ere ikasgai denez, zeu izango zara, Juan Jose, esaera horrek egoki emango ez liokeen gizakietako bat. Ez, ez zenuen hain justu Sokrates izan nahi, baina bizitzarekin topo egitera beldurrik gabe jalgi zinenetik, faltsukeriak doikuntza eskasa izan zezakeen zure izapidean.
Lehen, gosari orduan, Zalburdin erromesak, badakizu; gaua tren-geltokiko aterpetxean emandakoak. Neuk ere ospitalero egiten diat, azaldu zenidan behin. Norbere trenbidea lurrari tinko eusteko, beharrezkoak juzkatzen ditut hurkoaren trenbide-trabes guztiak, ospitalero egiten diguten denak. Santiago bidea ibili izanaren oroitzapen aberatsa daukat, baina ibilbide osoa zeuk amaitu duzu orain. "Kitatzen zütiet orai oro / banua San Jakeserat", dio antzinako kantu zaharrak. Nekez liteke musika bezain ondra-intsentsu sarkor eta esanguratsurik.