‘Ura juandakuan presia’

Erabiltzailearen aurpegia Enrike Izagirre 2023ko mai. 23a, 09:00

Sanferminetara gindoazen biharamunean. Aurreko egunean Roberto Katillu-rekin gosaldu nuen Zalburdin. Azken samarretan zebilen eta bizitasun apur bat ernarazte aldera, Iruñerakoa aipatu nion.

-Ño! –atera zitzaion- Pamplonara! Gaztetan motorrian juanda gauaz geu be: batakin barriketia, bestiakin kantuan, ardaua eran eta… haren modukorik etxaok! Etxaok! Aprobetxau, eh! Gero eta zerua eta ipoñei begira ibili barik, aprobetxau!

Ura juandakuan presia eitxia alper-alperrik dok hamen! Ura joandakoan presa egitea: umetan ikasitako hitzei naturaltasuna zerien berriz gizon haren ezpainetan.

Javier Mariasen heriotzean, bere liburuen kalitateaz eta ausartenek perfekzioaz ere idatzi zuten. Lazkao Txiki zenak, berriz, “usteldutzean ondu ohi dira mizpira eta gizona” kantatua zuen aspaldi. Niri Mariasenak bizitzaz, joaten utzitako ur txiki-handiez, eta heriotzaz pentsatzeko bolada eragin zidan.

Gustuko ditut Woody Allenen film asko. Joan zen udazkenean narrazio-liburu bat kaleratu zuen. Irakurri ez dudan testuetako batean, antza, bi lagun hil eta otarrain banatan berraragiztatzen omen dira. Horrek ere pentsarazi zidan: Zertarako? Zer balio du? Zein ur utzi behar duzu joaten eta zein presa eraiki, heriotzaren ostean oraindik –orduan ere bai!– horrelako patu absurdo bat ezartzeko posibilitatearen aurrean?

Gero eta zerua eta ipoñei begira ibili barik, aprobetxau, jaurti zidan Robertok. Ondoren Arragueta kalian abestu genuen. 2022ko abuztuaren 29an hil zen.