‘Urte barri zoruak igarri’

Erabiltzailearen aurpegia Enrike Izagirre 2022ko urr. 31a, 10:53

Aurreko batean zera irakurtzen nion oso gustuko dudan zientzia-dibulgatzaile bati: narrasti eta sugeentzako beldurra hain zabaldua dela, ezen geneetan txertatu eta gurasoengandik seme-alabengana helarazten den unibertsaletako bat izan daitekeela. Neure aldetik, neguko ilunalditik atera eta udaberriaren argitasuneranzko gogo-premia bizia ere horietako beste bat ez ote den nago.

Behin Santa Luzia edo Gabon jirako kontuetara iritsita, gure ama zenak berea jaurtiko zigun urtero batere hutsik egin gabe: “Urte barri zoruak igarri”. Amaren esaerako zoroa antzinako zoroa da, hau da, arrazoi bat edo beste tarteko, denon moldetik apartatzen dena. Baina zoroak, zoroa izan arren, badaki naturari begiratzen eta badaki eguna, gutxi gorabehera, abenduaren erdialdetik (Santa Lucía acorta la noche y alarga el día) urtarrilaren erdialderako epean hasiko dela luzatzen, poliki-poliki.

Guk ez diogu jada naturari begiratzen. Ez diogu begiratzen eta ez diegu seme-alabei Bustiñaga etxe dotorea non kokatzen den irakasten; ezta pagadian hazten dela gibelurdina edo Gernikako arbola kantatzen ere. Beste gizarte mota bat da, diote. Tradizioa edota natura babestu beharra guri kristau-dotrina bezalaxe irakasten diegu: buruz, halaxe behar duelako. Beste dotrina bat, finean.