Errutinak ospe eskasa izan arren, egunerokotasunak abantaila ugari ekar litzake; areago bizimoduak gustuko ofizioan fortunatu bazaitu. Azken boladan, lan kontu batek ahotsak.eus-en aztertzera ekarri nau beste behin. Literaturak edo beste denbora-pasa oso gutxik lotzen naute aulkira ahotsak.eus-eko jardunek bezain gogotsu. Gaur ere noizbait behar eta morokilaz ari zen grabazio batean utzi behar izan dut, penaz, bilaketa.
Morokila nola prestatu adierazteko, eragin eta eragin, bueltaka-bueltaka, üngürü-üngürü eta antzeko moldeak erabiliko dizkizute hirutatik bitan. Gure amak ere halaxe azaltzen zuen. Bazeukan gainera gure amak halako semantika-desplazamendu batzuk egiteko gaitasuna eta grazia. Morokilarena, esaterako, zenbat aldiz baliatu ote zuen mundu honetako gertakizunak –beltzenak batez ere: gaixoaldiak, heriotzak– batean urliari eta hurrengoan sandiari egokitu ohi zaizkiola asumitzeko: bai ba, morokilla bueltan-bueltan dok beti.
Mallabiko Osma auzunean 2022ko udazkenean murgildu zen heriotzean bost seme-alabaren ama Rosa. Emakume haren lau biloba izan genituen aspaldi batean ikasle. Norberak ere bizitzatik ikasten jarraitu nahi izan du eta, hogei urte beranduago, Rosaren lau biloba fin haiek maisutzat nahi lituzkeela sentitzen du gaur. Izan ere, gazteen eta nagusien arteko irakaspenak ere txandan-txandan, bueltaka suerta litezke sanoen. Denboraren joan-etorriak, horrexek elikatu eta horrexek jango gaitu neurri berean.