Klik. Dena itzali da. Etengailuari gorantz eta beherantz eragin diot. Ezer ez. Berriz ere gorantz eta beherantz eragin diot eta oraingoan ere ezer ez. Argirik ez. Lanparari begira geratu naiz. Sarrerako atearen ondoan dagoen koadro elektrikoan begiratu dut eta etengailu guztiak goian daude. Harritzekoa!
"Elektrizitatearekiko guztiz menpekoak garela bagenekien eta argi geratu zaigu. Argirik gabe dena geratu da"
Ordenagailua, routerra, telebista eta hozkailua itzali zaizkit. Bazkaria prestatu ezinik geratu naiz eta hozkailuko azken soberakin hotzak jan behar izan ditut, mikrouhinak elektrizitaterik gabe ez baitira oraindik transmititzen. Pena bat! Komunera joatea ere abentura bihurtu zait, komunean leihorik ez duten guztiei bezalaxe, eta zer egin jakin ezinda geratu naiz. Iluntasuna nagusitu da.
Itzalaldiak honela harrapatu ote ninduen ez duzue jakingo. Zuen irudimenaren esku utziko dut, baina egia izan ala ez, errealitatea izan zitekeen. Elektrizitatearekiko guztiz menpekoak garela bagenekien eta argi geratu zaigu. Argirik gabe dena geratu da.
Gertatutakoaren arrazoi argirik oraindik ez dakigu eta ez dut uste jakingo dugunik ere, urte batzuk pasa arte. Elektrizitatearen negozioak jarraitu egin behar du, urteroko milioi askoko mozkin astronomikoekin eta argindar sare zaharkituarekin. Noski, gizarteak hain beharrezkoa duen hornigai bat saltzen gutxi batzuen poltsikoak era pribatuan goraino betetzen dituen sistema bat nola aldatuko da ba? Agian gure bizimoldea birpentsa dezakegu. Baratzea etxe ondoan izan banu, astelehen hartan hozkailuan ez nituen letxuga eta tomatea bilduko nituzkeen bazkaltzeko. Entsalada eder bat, aizu!