Ekarri al digu ezer onik mende honek? Telefono mugikorraren erabilera hedatua, Irakeko gerra, 2008ko krisi ekonomikoa, Siriako eta Libiako gerrak, inori axola ez zaizkion Mediterraneo itsasoan itotako milaka biziak, pandemia, kapitalismo basatia, ustelkeria eta zerrendara batzen azkena: Palestinan Israel burutzen ari den genozidioa, mundua besoak gurutzatuta begira dagoen bitartean. Horiek dira mende honetan gertatutakoaren adibide batzuk, zertzelada batzuk. Icebergaren punta besterik ez.
"Ekarri al digu ezer onik mende honek? Garapenaren izenean aurrera goazela diogu, baina ez ote gara karramarroak bezala atzeraka ibiltzen ari, atzerapauso infinituan?'
Beraz, galdera berriro ere. Ekarri al digu ezer onik mende honek? Garapenaren izenean aurrera goazela diogu, baina ez ote gara karramarroak bezala atzeraka ibiltzen ari, atzerapauso infinituan?
Garai honi informazioaren aroa ere esaten zaio, Interneten zabalkundeak markatuta. Sare sozialen erabilera masiboak elkarrizketa interesgarriak izateko aukerak modu drastikoan murriztu dituela dirudi. Umeekin lasai bazkaltzeko gurasoen teknika berria da euren muturren aurrean mugikorreko bideo koloretsuak jartzea, horiek behin eta berriz erreproduzi ditzaten. Guztia lasaitasunaren izenean. Gaur egun, mugikorrean denerako aplikazio bat daukagu eskuragarri, erosketa zerrenda egiteko, Roomba lanetik kontrolatzeko, hilerokoa jarraitzeko... Bada bat, gainera, igande goizak ziklistaz bete eta mendi lasterketak obsesio berri bihurtu dituena.
Norbere zilborrari begira bizitzea erritu, postureoaren adiktu, estetika ediktu.
Baina ez gaitezen dramatiko jarri, gure dekadentziaren onenean gaude eta.