Iritsi da hainbeste aipatutako txertoa gure lurretara. Iritsi da salbazioa dirudien 0,3 ml-ko konponbidea. Urre likidoa. Dosi magikoa.
Inori ahaztu bazaio ere, orain bi hilabete txertoa zalantza izpirik gabe hartuko zuen “gizaemeren” bat aurkitzea ez zen erraza. Denok, neuk barne, nahiago genuen besteek har zezatela aurrena eta ondoren, jada efektuak baloratzean, geuk hartu. Bi hilabete eskasean, ordea, egoera guztiz irauli da eta orain nork hartuko lehian gabiltza. Hor daude txertoa hartzeko protokolo bat eta hurrenkera bat dagoela ulertzen ez duten osasun sistemako karguak eta politikariak, esaterako. Halako klase politikoarekin zer espero zitekeen ba?
Txertoa, komunitate zientifikoak egungo pandemiari, Covid-19ari, aurre egiteko garatu duen tresna da. Eskerrak, egun, urteetan burututako ikerketari eta ditugun gaitasun zientifikoei esker posible dela kristalezko ontzi batean birus bati aurka egiteko dosia izatea. Adibide honek agerian uzten du ikerketan inbertsioak burutzearen garrantzia eta ikerketa munduko prekarietate maila kezkagarria erradikatu beharraren funtsa.
Horrez gain, industria farmazeutikoaren eskuetan geratu da txertoaren produkzioa eta salmenta. Nola liteke “osasun” gisako hitz potoloa kapitalismo basatiaren eskuetan laga izana? Orain, finantzaketa publikoarekin bultzatutako hainbat ikerketa gutxi batzuen poltsikoak betetzeko erabiliko dira. Ikerketan inbertitutako guztion diru hori txertoen salmenta atzeratu eta garestitzeko baliatuko da. Prest al gaude gure osasuna enpresa baten interes komertzialen eskuetan lagatzeko?