Argia

Erabiltzailearen aurpegia Eider Aldalur 2022ko mai. 12a, 11:54

Atzo iluntzean etxera iristean, sarrerako bonbila piztu eta euro bat, logelakoa piztu eta beste euro bat, garbigailua jarri eta 10 euro, afaria prestatzea 5 euro, telebista edo ordenagailua entxufatzea beste 2 euro.

Bai, esandakoa esajerazioa da, baina egun elektrizitateak duen prezioa ikusita ez dabil hain urruti errealitatetik. Argia garesti dagoela diogu behin eta berriz, baina ez al genuke horren ordez esan behar argia garesti jarri dutela prezioak finkatzeko sistema desitxuratu eta espekulatibo bati esker?

Gure elektrizitatearen egungo merkatua marginalista da, hau da, energia sortzeko momentuko teknologiarik garestienak jartzen du prezioa. Merkatu arrunt batean guztiz kontrakoa gertatzen da; sagarrik eskasenak dira merkeenak azoka arruntean, baina argindarraren merkatuan garestienaren prezioan saltzen dira merkatuko sagar guztiak. Adibide gisara, Iberdrolari zentral hidroelektrikoetan MWh-a ekoiztea 6-10 euro kostatzen zaio, baina garestienaren prezioan, 250 eurora edo gehiagora (egunaren arabera), saltzen du.

Horrek guztiak zerutik eroritako irabaziak, irabazi estratosferikoak, ematen dizkie sektore elektrikoko korporazio handiei. Esaterako, Iberdrolak, 2021ean, 3.884 milioiko mozkinak izan zituen herritarrak txirotzearen kontura.

Eta zer egiten dute gobernuek egoera honen aurrean? Oinarrizko eskubide unibertsal izan beharko lukeen argindarra merkatuaren esku utzi, marrazo handi horien interesen esklabu eta sistema ustel baten barruan. Ez dakit zuek, baina nik gaur argia piztu ere ez dut egingo.