Honela definitzen du bere burua GPT txatak: “ChatGPT naiz, adimen artifizialeko hizkuntza-eredua, OpenAIk garatua, datu ugaritan trebatua eta galderei erantzuteko eta gai askotan testuak sortzeko diseinatua”.
Aitortu beharra daukat GPT txatak ez dakiela ongi euskaraz. Cervantesen hizkuntzan eta hizkuntza anglosaxoian, ordea, primeran aritzen da. Hizkuntza gutxituentzat galbahea berriz ere. Horregatik, esaldi hau gazteleraz sortu dut eta, ondoren, Elia itzultzaile neuronalaren laguntzaz itzuli dut. Ikus dezakezuenez, ukiturik ere egin gabe, bikain dago esaldia.
GPT txatak sekulako arrakasta izan du kaleratu zutenetik. Izan ere, tresna honek erantzuna arrazionala den kasuetan oso azkar ematen ditu kalitatezko emaitzak. Niretzat, egun, laguntza handia da lanerako, batez ere testuak sortu eta programazio kodeak diseinatzeko. Laburbilduz, esan genezake software honek potentzial neurgaitza duela.
Hala ere, baditu oraindik neurtu ere ezin diren arazoak. Batetik, GPT txata etengabe ari da datuak jasotzen erabiltzaileek sartzen dizkioten elkarrizketetatik. Lagun on batek sarri dioen bezala, produktu bat doan erabiltzen ari baldin bazara, zu zeu zara produktua.
Bestetik, txat honek informazioaren monopolioa beregana dezake, baina tira, ukaezina da Google bilatzaileak dagoeneko botere hori eskuratua zuela. Azkenik, baliteke tresna hau lagun izan beharrean etsai bihurtzea. Izan ere, gure sormen gaitasunak eta pentsamendu kritikoa suntsi ditzake, baina, kasu honetan ere, jada Instagram eta enparauek halakoetan bazuten eraginik. Beraz, laguna ala etsaia izango da GPT txata?