Maiatzaren 26an, igandean, ekitaldi politikoa eta vermut musikatua antolatu du EH Bilduk Debako Plaza Zaharrean. Europako Parlamenturako hauteskundeetarako kanpainari hasiera eman zitzaion ostegun gauean eta, testuinguru horren baitan, koalizio abertzaleak hitzordua jarri du Deban ohiko legez.
Orain Errepublikak deituriko koalizioa osatu dute EH Bilduko euskaldunek, BNGko galiziarrek eta ERC kataluniarrek eta beste hainbatek Europako Parlamentuan ordezkaritza indartsuagoa bermatzeko asmoz. Europar Hauteskundeak herritarrek urrunen sentitzen dituzte eta hain zuzen horregatik koalizioaren mezua herriz herri zabaltzeko hautua egin dute. Gainera, hainbeste hauteskunde deialdi izan dira hain denbora laburrean, azken hauen garrantzia gutxiago balitz bezala dirudiela, hain zuzen, kanpaina bera EH Bilduren komunitatea batu eta sendotzen jarraitzeko aukera gisa baliatu nahi dute.
Aimar Etxeberria zestoarra eta EH Bilduren nazioarteko taldearen lankidea izango da igandeko ekitaldiko hizlaria. Hauteskunde hauen garrantziaz kontzientzia hartu eta koalizioaren ildo nagusiak azalduko ditu, besteak beste "euskaldun gisa gure mugetatik kanpo garen moduan agertu eta ikus gaitzaten, estaturik gabeko beste Europako nazioekin elkarlanean eta ezkerreko politika berdinzaleagoak aurrera eramateko gure bokazioarekin".
Laburbilduz hiru dira koalizio ezkertiar eta abertzaleak dituen helburuak: estaturik gabeko nazioen aitortza, gerra eta belizismoaren aurkako zein bakearen aldeko lana, eta aldarri antifaxista lau haizetara zabaltzea.