Hilaren 18an, ostegunean, EH Bilduren ekitaldia izango da Deban. Arratsaldeko 7etan Plaza Zaharrean biltzeko deia egin dute koalizio abertzaleko kideek eguraldi ona egitekotan. Euria egingo balu, ordea, ekitaldia paseo estalian egitea aurreikusten dute.
Lore Martinez Axpe aretxabaletarrak eta Gilen Garcia Boyra debarrak hartuko dute hitza osteguneko ekitaldian. Biak dira Legebiltzarrerako Gipuzkoako zerrendako kideak, Lore Martinez legebiltzarkidea izan da 2020. urtetik eta 5. doa zerrendan. Gilen Garcia, 2019-2023 agintaldian alkatea eta egun EH Bilduren bozeramailea Debako udalean, 13. doa zerrendan.
Hauteskunde kanpainaren azken egun eta orduak izango dira Debako ekitaldia ospatzerako. EH Bilduk. orain arte bezala, lanean eta ahoz aho bere mezua zabaltzen jarraitzeko deia egin die bere komunitateko kideei. Aldaketarako garaia orain dela nabarmenduz, ekitaldian ahalik eta herritar gehien batzeko deia luzatu dute.