"EAJk Zubeltzu erosiko du eta Bildu gidoirik gabe geratu da"

Erabiltzailearen aurpegia EAJ-PNV Deba 2025eko urriaren 31

Atzo Debako Udalbatzak Zubeltzu erostea onartu zuen. Herriari bere arimaren parte den espazio bat itzultzen dion erabaki historikoa. Zubeltzu ez da beste eraikin bat: izan ginenaren eta izaten jarraitu nahi dugunaren sinboloa da. Debarren belaunaldi desberdinek bertan bizi izan zituzten beren lehen filmak, beren lehen kontzertuak, beren lehen emozio partekatuak. Berreskuratzea gure historiaren zati bat berreskuratzea da, eta etorkizunari ate bat irekitzea.

Horregatik, zaila da ulertzea, eta are gehiago onartzea, EH Bilduk herri osoa batu behar zuen albiste baten aurka bozkatu izana. Ez dute egin proiektua txarra delako, ezta prozesua irregularra izan delako ere, sinetsarazi nahi izan duten bezala. Beraiek lortu ez dutelako egin dute. Hori da aitzakien eta zarataren atzean ezkutatzen saiatzen diren egia.

Azken egunotan, EH Bilduk ez du operazioa bakarrik kritikatu: birritan geldiarazten saiatu da, erosketa prozesua bide administratiboetatik baliogabetzea bilatuz. Ez dute lortu, baina bere asmoa argia zen: Debari Zubeltzu berreskuratzea galaraztea. Eta hori gutxi balitz, nahita esan zieten gezurra auzokideei. Urriaren 24an, ostiralean, arratsaldeko zortzietan, galdera sorta bat zabaldu zuten, erantzunik jaso ez zutela esanez. Gezurra. Asteartean erantzun zitzaien eta ostegunean, berriro, erregistro bidez. Bazekiten, eta hala ere, gezurra esan zuten, nahasmena sortzeko eta albiste on bati ospea kentzeko. Gainera bere bozeramaileak EAJri gezurra esatea leporatzen dio. Sinestezina. Dena esaten den bezain gaizki eginda balego, zergatik ez da prozesua deuseztatu, saiatu arren?

Hori guztia ez da akats politiko puntual bat. Lorpen kolektibo bat lohitzeko, blokeatzeko eta zapuzteko kalkulatutako estrategia da. Debako herriaren kontra jartzea erabaki du EH Bilduk, guztion mesederako den aukera baldartu nahian. Hori da benetan larria: interes alderdikoia bizilagunen ongizatearen aurretik jartzea. Debari bere kultur etxea itzultzen dion proiektu baten aurka bozkatzen denean, Debaren aurka bozkatzen ari da.

Bitartean, EAJk egin beharrekoa egin du: lan egin, kudeatu eta bete. Datuak ukaezinak dira: 1.062.000 euroko kanpo-finantzaketa 1,1 milioiri aurre egiteko. Hau da, estalitako kostuarenia %100 Udala euro bakar batean ere zorpetu gabe. Kudeaketa akatsik gabea da, eta horrek erakusten du zer esan nahi duen seriotasunez eta guztion onerako pentsatuz gobernatzea. Gainera, eragiketa urtea amaitu baino lehen itxi behar da, finantzaketa hori galdu egingo delako garaiz formalizatu ezean. Horregatik, “pentsatzeko gelditzeko” aitzakiarekin prozesua atzeratzeko estrategia, pratikan, ezetz esatea da. Eta hori da EH Bilduk bilatzen zuena: ezer ez aldatzea.

Gobernatzeko bi moduren arteko aldea ezin argiagoa da. EH Bilduk lau urte izan zituen arrastoa uzteko eta ez zuen ezer utzi. Gaur egun harrotasunez erakuts dezaketen proiekturik, ondarerik, obrarik ez. EAJk, aldiz, beste batzuek lau urtean egin ez zutena egin du urtebetean: debarrei gune historiko, kultural eta emozional bat itzultzea, zorroztasunez, gardentasunez eta erantzukizunez. Zaratarik, zorrik eta inprobisaziorik gabe egin du. Garrantzitsuena siglak ez direlako, Deba baizik.

Zubeltzu ez da adreilua, ezta hormigoia ere. Identitatea, kultura, komunitatea da. Bizirik, harro eta batuta jarraitu nahi duen herri baten bihotza da. Eta, batzuk albiste on hau iluntzen saiatu arren, errealitatea nagusitu egiten da: Debak irabazi du.

EAJk bere hitza bete du. Lana, seriotasuna eta konpromisoa lagun, posible egin du Zubeltzu beti izan behar zuena izatea: Debako bihotz kulturala, aurrera begiratzen duen herri baten ikurra.