Azken egunotan, hartutako erabakia atzeratu behar dela esanez agertu dira “kultur eragile” batzuk, ez direla kontuan hartuak izan esanez. Gauzak argi esatea komeni da: inork ez die beren bazkide edo kideei honen inguruan zein iritzi duten galdetu. Guztion izenean hitz egiten dute, baina inor kontuan izan gabe. Hau ez da partaidetza, hau jabetzea da.
Eta haien proposamenak, benetan, zentzugabekeriatik hurbil daude. Batetik, jabetza pribatuko eraikin bat berritzea (Ostolaza eraikina), diru publikoa interes partikularrak indartzeko erabili beharko balitz bezala. Bestetik, alamedaren bihotzean eraikitzea, herriaren gunerik esanguratsu eta maitatuenetariko bat suntsituz. Norbaitek, gorritu gabe, ideia hauek defenda ditzake benetan?
Bien bitartean, Debak aukera paregabea du: EAJren lanari esker, urtea amaitu baino lehen inbertitu behar den milio bat euro du eskuartean. Erabakia atzeratzeko eskatzea, proiektua blokeatzea eta herriak dirulaguntza galtzea dakar. Eta hori ez da kultura defendatzea, Debaren aurka aritzea baizik.
Zubeltzuko proiektua ez da alderdi batena, ez talde batena, ez kolektibo batena. Herriarena da. Musika, antzerkia, dantza egiten dutenena; espazio bat beharduten gazteena; non bildu ez duten elkarteena; Debak aurrera egitea merezi duela pentsatzen dugun guztiona.
Nahikoa da geldiarazteaz. Nahikoa da trabak jartzeaz. Aurrera begiratzeko ordua iritsi da eta herriarena dena herriarentzat berreskuratzeko garaiaere bai. Zubeltzu Debako kulturaren bihotza izango da. Eta oraingo honetan ez da atzerabiderik egongo.