Ibilbidea gogora ekartzen

Erabiltzailearen aurpegia DIT feminista 2025ko mar. 13a, 09:48

Aldarrikapen feminista ez da atzo hasitako borroka bat, ezta joan zen mendean hasitako mugimendu bat ere. 300 urte baino gehiago daramazkigu emakumeok garai ezberdinetan eta zapalkuntza ezberdinen aurka borrokatzen eta mobilizatzen. Aurtengo martxoaren 8an, bidea erakutsi diguten horiek omendu nahi izan ditugu.

Batzuetan, iruditzen zaigu gaur ditugun eskubideak beti izan ditugula, ahaztu egiten zaigu izan zela garai bat, eta ez hain urrun, emakume bat ezin zela bakarrik kalean ibili, garai bat non goi-mailako ikasketak egitea debekatuta zeukan. Duela ez hainbestera arte, abortatzea delitua zen eta dibortziatzea ezinezkoa. Emakume batek bankuan kontu korronte bat irekitzeko edo lan-kontratu bat sinatzeko, familiako gizonezko baten baimena behar zuen, orokorrean senarrarena edo aitarena.

Gaur egun, emakumeok bestelako egoera bat daukagu eta hori gure aurretik borroka feministan aritu ziren emakume guztiei esker da.

Gaurkoan, gure aitzindariei eta hauek egindako ibilbideari errekonozimendu bat egin nahi diegu, gizarte osoa kontziente izan dadin dauzkagun eskubideak sutsuki borrokatu zituztelako dauzkagula. Ez dizkigula inork oparitu, eta emakume askoren bizitzak joan direla gauzak aldarazteko borroka honetan.

Gaur egun, emakumeok bestelako egoera bat daukagu eta hori gure aurretik borroka feministan aritu ziren emakume guztiei esker da

Deban, konkretuki, izan ditugu honen eredu izan diren hainbat emakume. Herriko feministak duela 50 urte hasi ziren antolatzen lehen aldiz. 40 urteko diktadura baten ostean, garai berri bat eraikitzeko gogoa eta kemena izan zuen emakume talde batek jarri zuen martxan gure herriko talde feministaren ibilbidea.

Trantsizio garaian, Euskal Herri guztian zehar, talde, kolektibo eta asanblada feminista ugari sortu ziren. Hemendik sortu zen lehenik KAS Emakumeak talde feminista, geroago Aizan! eta, azkenik, Egizan. Talde hauen hazia Debara ekarri zuena Mila Idiakez izan zen eta berarekin batera, gaur, hemen ditugun beste emakume batzuk.

Azpimarratzekoa da garai haietako testuingurua, 70. hamarkadaren amaieran, frankismoa bukatu berri, errepresio eta debeku askoko garaiak ziren.

Emakume hauek talde txikietan eta, batzuetan, nahiko era klandestinoan, astean behin biltzen ziren eta beste herrietako taldeekin harremanetan zeuden. Beraien artean irakurketak prestatzen zituzten, ondoren eztabaida amaigabeak sortzeko, betiere pentsamendua eta hausnarketa sustatuz.

Oinarrizko aldarrikapenen artean sexu-heziketa eta familia-planifikazioa zeuden, izan ere, abortatzeaz gain, antisorgailuak ere ilegalak ziren garai hartan. Emakume hauei esker, adibidez, Debako anbulategian emagin zerbitzua izatea lortu zen. Aldi berean, Euskal Herriko emakumeek zapalkuntza hirukoitza bizi zutela salatzen zuten: langile izateagatik klase zapalkuntza; euskaldun izateagatik Estatuak eragiten duena; eta emakume izateagatik indarkeria matxista.

Urte batzuk aurrera egin beharko ditugu hurrengo Debako Talde Feministaren arrastoak aurkitzeko. 2017 urtearen bueltan, egonezin eta jakin-minez beteriko emakume batzuk beraien artean harremanetan jartzen hasi ziren, Debara, berriz ere, feminismoa ekartzeko xedearekin.

Hasieran gutxi batzuk ziren arren, aurrerapauso handiak eman zituzten

Hasieran gutxi batzuk ziren arren, aurrerapauso handiak eman zituzten. Osioko lokala eskuratzea lortu zuten, herriko Txosna Batzordearekin elkarlanean, erasoen aurkako protokolo bat martxan jarri zuten eta “Emakumea eta kartzela” jardunaldi arrakastatsua antolatu zuten.

Ezin dugu ahaztu beraiek ekarri zutela herrira 2018ko Lehenengo Greba Feminista Orokorra; gaur egungo borroka feministaren oinarriak finkatzeko hain garrantzitsua izan zena.

Esan beharrik ez dago, 2025eko martxoaren 8 honetan, Debako talde feministak zutik jarraitzen duela oraindik. Izan ere, azkenaldian ikusten ari garen gorakada faxistaren aurrean erresistentzia egiteko feminismoaren alde lanean jarraitzea ezinbestekoa da. Ez dezagun ahaztu, Simone de Beauvoirrek esan zuen bezala, “nahikoa izango dela krisi politiko, ekonomiko edo erlijioso bat emakumeen eskubideak zalantzan jartzeko". Horregatik, gaur, guztiok batera indarrak batu, eta martxan aterako gara borroka feministaren alde.

Gora borroka feminista!