Kiroldegian jarritako "denda"-ri buruzko galderei erantzunez

Azken egunotan Debako kiroldegira gerturatu zareten zaletu askok galdetu diguzue kiroldegian Debasket Saskibaloi Klubak jarrita zuen “denda”-ri buruz. Galdera horri erantzuteko asmoz, idatzi hau argitaratzea pentsatu dugu.

Debasket Saskibaloi Klubaren eskaerari erantzunez, iragan uztailaren 19an  Debako Udaleko ordezkaritza (Alazne eta Jon) eta Debasket Saskibaloi Klubeko zuzendaritza (Roke, Ander, Igotz eta Cristina) bildu ginen Debako udaletxean.

Debasket Saskibaloi Klubak, denboraldi hasiera gero eta gertuago zegoela ikusita, udalaren adostasuna behar zuen hiru gai hauetan: klubaren babesleen publizitatea kiroldegiko horman jartzeko aukera, hurrengo denboraldiko kantxaren ordutegia eta kiroldegian denda txiki bat jartzeko baimena. Azken gai hau, zaleen eskakizun bati erantzuteko asmoarekin planteatu zen.

Klubak interes nagusia kiroldegiko kantxaren ordutegiari zegokion, guraso eta jokalariek beren eskolaz kanpoko ekintzak antolatzeko informazio hori ikasturte bukaeran jaso ahal izan zezaten. Ordutegiari dagokionez, klubak honakoa eskatzen zuen: aurreko denboraldian eskola kirolarekin elkarbanatu zuen ordua saskibaloi klubarentzat izatea oso-osorik. Udalak, ordea, gaia irailean aztertuko zuela adierazi zigun, baina, gutxienez, aurreko denboraldiko ordutegi berdina ziurtatu ziguten; alegia, eskola kirolarekin kantxa ordu hori elkarbanatzea.

Beste bi gaiak ere aztertuko zituztela komentatu ziguten. Iraila ere iritsi zen, eta ez genuen jaso udalaren erantzun ofizialik. Kalean topo egin zuten batean, Alaznek eta Jonek Igotzi komentatu zioten eskatu genuen kantxa ordu hura osorik klubarentzat izatea ezinezkoa zela, beraz, aurreko denboraldiko ordutegia mantentzen zela.

Denda eta iragarkiak jartzeko, aldiz, arazorik ez zegoela aipatu ziguten. Dendaren kontua ziurrenik Osoko Bilkuran onartu beharko zela. Udaleko zinegotzi kopurua kontuan izanda, klubak aurrera egin zuen dendarekin eta babesleen publizitatea horman jartzearekin.

Urrian, eskola kirolaren hasierakin batera, lehendabiziko liskarra izan genuen. Eskola kiroleko arduradunak, Borjak, kantxa ordu hori osorik eskola kirolarentzat zuela esan zigun; guk, ordea, udalak ez zigula horrelakorik esan erantzun genion eta entrenamenduarekin jarraitu genuen.

Hurrengo astean, udaletik posta elektroniko bat jaso genuen. Mezu horretan ez zuen zehazten guk kantxa herenik ez genuenik, baizik eta kantxa osoa ez genuela bakarrik adierazi ziguten. Hori horrela, saskibaloi entrenamenduarekin aurrera egin genuen, eta eskola kiroleko arduradunak berriz ere  kantxa osoa eskola kirolarentzat zela esan zigun; gure erantzuna aurreko asteko bera izan zen.

Gertaera horren ondoren, zinegotziari deitu genion, eta honek Jon eta Alaznerekin batu eta gaia aztertu beharra zeukatela adierazi zigun telefonoz. Haien atzetik ibili eta aste batera, honako erantzuna jaso genuen: kantxa herena ere erabiltzeko baimenik ez genuela, eta entrenamenduak eskolan egin beharko genituela. Alegia, Debasketen entrenamendua eskolara eta eskola kirola kiroldegian geratzen zela. Baina, horretarako, eskolako kantxa margotu eta kirol materiala erosi beharra dago, izan ere, kantxako lurra eta eskolako lurra ez dira berdinak, eta ondorioz, kiroldegian erabiltzen diren baloiak azkar izorratuko lirateke eskolan.

Bestalde, gure “denda” ere abian zen. Kiroldegira gerturatutako jende askok zoriondu gintuen eskaintzen hasi ginen zerbitzuagatik. Hala ere, norbait kexatu zen eta orduan hasi ziren arazoak. Denda handia zela zioen udalak; guk neurriak adierazi genizkien eta ez zuten inolako trabarik jarri, argazki batean ikusi zuten arte.

Gaia, bestalde, batzordetik pasa behar zela zioten. Gorago esan bezala, nahiko lasai ginen udaleko zinegotzi kopurua kontuan izanda. Gure sorpresa batzorde horretarako udalak prestatutako dokumentazioan egon zen. Dokumentazio guztia “denda”-ren kontrakoa zen. Batzordean bozketa egin zen, eta denda ezin genuela jarri izan zen ateratako emaitza.