50. urteurreneko ospakizun betean sartuta dabil Iraurgi Saskibaloi Kluba, eta urtemugaren harira, hainbat omenaldi egin dituzte. Orain arte, klubaren ibilbidean era batean edo bestean protagonismo berezia izan duten gertuko norbanakoei eta etxeko taldeei egin diete aitortza, baina aurreko igandean (urriak 20) Debasket Kirol Klubeko kideak ere omendu zituzten. "Dakigunez, gu izan gara herritik kanpo errekonozimendu hori jaso duten lehenak", azaldu du Roke Arantzamendi Debasketeko lehendakariak.
Arantzamendik nabarmendu duenez, saskibaloiaren esparruan egindako ahalegina aitortu nahi izan zien Iraurgik igandean Azpeitiako kiroldegian egindako ekitaldian. "Herri mailan inoiz saskibaloia nabarmendu ez den eta ia zaletasunik egon ez den herri batean klub bat hutsetik sortzeagatik egin dugun ahalegina aitortu, eta horrek guztiak suposatzen duen lanari errekonozimendua eskaini nahi izan zigun Iraurgi Saskibaloi Klubak".
Eta Urola Kostako klubak duen ibilbidea kontuan hartuta, halako mailako klub baten omenaldia jasotzea "pozgarria eta zoriontzeko modukoa" dela gaineratu du Arantzamendik. "Beraiek badakite zer den saskibaloi klub bat kudeatzea. 20 taldetik gora dituzte eta beraien lehen taldeak goi mailan ari dira lehian. Klubak, gainera, izugarrizko ibilbidea dauka eta Gipuzkoako harrobirik onena ez badu onenetarikoa izango da. Beraz, halako mailako klub baten errekonozimendua jasotzea pozgarria eta zoriontzeko modukoa da".
Omenaldia egin ostean, Iraurgiko gizonezkoen lehen taldearen partida ikustera gonbidatu zituzten. "Asko disfrutatu genuen. Taldeak denboraldi honetan lortu duen lehen garaipenaren lekuko izateko aukera izan genuen gainera".