Besteak beste, klubak emakume helduen taldea sortzea lortu du eta hori "berri pozgarria" dela nabarmendu du Roke Arantzamendi arduradunak. "Emakumeen kategoria batzuetan hutsune bat genuen lehen, baina helduen taldea sortuta eta kadete mailan zeudenak junior kategoriara igota, katea osatu dugula esan genezake. Hau da, aurtengoa izango da kategoria guztietan emakumeen taldeak izango ditugun lehen urtea, kadeteak, haurrak eta saski eskolako neskatoak ere kontuan
hartuta".
Aurrez emakume helduen talde bat eratzeko saiakera egin zuten arren, ahaleginek ez zutela fruiturik eman azaldu du Arantzamendik. "Horregatik, proiektuari denboran eustea izango da gure helburua. Oinarri sendo batzuk jarriko ditugu; ea epe luzera mantentzea lortzen dugun".
Gaur-gaurkoz, 22 eta 50 urte bitarteko hamalau emakumek osatzen dute taldea, baina "irekia" da, interesa duen edonorentzat. Hastapenetan dagoen proiektua izanda, bestalde, aurten ez lehiatzea erabaki dute, eta helburu nagusia "ikastea" izango da.
Entrenamenduekin hasi dira dagoeneko. Saioak astean bitan (astelehenetan eta ostegunetan) egiten dituzte, kiroldegiko kantxan, Tomas Abadiaren esanetara.