Ate irekiak antolatu ditu Debasket Saskibaloi Klubak, emakumeen taldeak indartzeko asmoz

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2024ko mai. 6a, 09:58

2012 urtean edo lehenago jaiotako gazteek eta helduek maiatzeko astearteetan eta ostegunetan egingo dituzten entrenamendu saioetan parte hartzeko aukera izango dutela azaldu dute klubeko ordezkariek. Interesa duten guztiak esperientzia probatzera gonbidatu dituzte: "Animatu eta gerturatu kiroldegira saskibaloiaz gozatzera".

Datorren denboraldira begira lanean jarrita daude dagoeneko Debasket Saskibaloi Klubeko ordezkariak eta, emakumeen taldeetara kide berriak erakartzeko asmoz, ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte. 2012 urtean edo lehenago jaiotako gazte eta helduei egin diete deialdia eta, azaldu dutenez, helburua da haur eta junior mailako taldeak indartzea eta oraindik ere "kili-kolo" dagoen kadete mailako taldera jende gehiago batzea. "Deialdi zabala egin nahi izan dugu. Hasiera batean, gazteenen taldeak indartzea eta osatzea izan da gure nahia, baina adin nagusiagoko jokalariak ere etortzen eta animatzen baldin badira, gu pozik!".

Asteartean (maiatzak 7) egingo dute ate irekien lehen saioa eta ekainera bitartean horretan jarraituko dutela aurreratu dute. Adinaren arabera antolatu dituzte saioak eta, zehaztu dutenez, "entrenamendu moduko bat" egingo dute, baina "intentsitate gutxiagorekin". 2011 eta 2012 urteetan jaiotakoak astearte eta ostegunetan bilduko dira, udal kiroldegiko kantxan, 18:00etan hasita. 2010. urtean edo lehenago jaiotakoek, berriz, astearteetan 19:00etan hasiko dute saioa eta ostegunetan, aldiz, gazteagoekin ariko dira saskibaloian.

Saioetara entrenatzeko "arropa eta oinetako egokiak" eramatea ere gomendatu dute eta interesa duten guztiak esperientzia probatzera gonbidatu dituzte. Zehaztutako ordu eta lekuan agertzea nahikoa dela adierazi dute, baina gogorarazi dute izena emateko edo saioei buruzko informazio gehiago jasotzeko 621 01 93 83 telefono zenbakira deitu edo debasket@debasket.eus helbide elektronikora mezu bat ere bidali daitekeela.