Debasket Saskibaloi Klubak antolatuta, Gaztetxoen Hiruko Saskibaloi Txapelketa jokatu zuten larunbat (apirilak 6) goizean udal kiroldegiko kantxan. Ohi bezala, bi kategoriatan banatuta aritu ziren gaztetxoak saskibaloian: alde batetik, 2014 eta 2015 urteetan jaiotako benjamin kategorietako gaztetxoek neurtu zituzten indarrak eta, bestetik, 2012 eta 2013 urteetan jaiotako kimu kategorietakoek.
Antolakuntzatik jakitera eman dutenez, "adin guztietako" sei taldek parte hartu dute aurtengo txapelketan. Hori bai, talde ia guztiak mutilenak izan direla zehaztu dute. "Mendaroko Saskibaloi Eskolatik etorritako talde misto bakarra izan dugu. Beste bostak, berriz, mutilenak izan dira; horietatik lau Debatik etorritakoak izan dira eta Mutrikuko talde bat ere izan dugu".
Antolatzaileak, nolanahi ere, pozik agertu dira txapelketak izan duen erantzunarekin eta, guztiaren gainetik, "adiskidetasuna eta giro ona" nagusitu zirela azpimarratu dute. "Uste dugu parte hartzaileek sentsazio onak izan zituztela; guztiak, behintzat, ondo pasatzen ikusi genituen". Eta, kantxan ez ezik, harmailetan batutakoen artean ere giro ona egon zela gaineratu dute. "Guraso dezente etorri zen txapelketa ikustera eta jokalariak animatzera; oro har, giro ona eta polita izan zela iruditzen zaigu".