Debasket Saskibaloi Klubak antolatuta, Gaztetxoen Hiruko Saskibaloi Txapelketa jokatuko da bihar (apirilak 6) udal kiroldegiko kantxan. 10:00etan hasiko da lehia eta, ohi bezala, bi kategoriatan banatuta jokatuko da. Alde batetik, 2014 eta 2015 urteetan jaiotako benjamin kategorietako gaztetxoek neurtuko dituzte indarrak eta, bestetik, 2012 eta 2013 urteetan jaiotako kimu kategorietakoek.
Antolakuntzatik zehaztu dutenez, kantxa hainbat zatitan banatuta jokatuko dituzte partidak eta, bertan, 28 bat neska-mutilek parte hartuko dute. “Nesken taldeak, mutilen taldeak eta mistoak ariko dira jokatzen, eta hiru eta bost kide artean izango dituzte taldeek”. Gaineratu dutenez, kategoria bakoitzean izena emanda dauden taldeek elkarren aurka ariko dira, eta guztiek 8 minutuko partida motzak jokatuko dituzte.
Jardunaldiaren bukaeran, sari banaketa ekitaldi txiki bat egingo dute eta iragarri dutenez, parte hartzaile guztientzako egongo dira sariak. "Txapelketa honen helburuetako bat kirolzaletasuna eta parte hartzea sustatzea dira. Hori dela eta, guztientzako sariak egongo dira. Besteren artean, Gipuzkoa Basketen partida bat ikusteko sarrerak banatuko ditugu".