Taldeko ordezkarien esanetan, aurreko bi jardunaldietako porrotak ahazteko garaipen “bikaina” lortu du nagusi mailako gizonezkoen 2. mailan dabilen taldeak. “Hernani, Debasket bezala, lehenengo mailatik bigarren mailara jaitsi zen aurreko denboraldian, eta, horregatik, aurkari zuzena zen. Debarrak pozik bueltatu ziren etxera, hurrengo jardunaldietan ere irabazteko helburuarekin”.
Partida oso lehiatua izan zen. Zona motako defentsa planteatuta hasi zuen partida Hernanik, baina 10 puntuko abantaila erosoa eskuratuta, Debasketek hasiera hobea eduki zuen. Minutuak aurrera joan ahala, Hernani estutzen hasi zen; etxeko taldeak saskiratze bolada onak eduki bazituen ere, Debasketekoak 4 puntu eskaseko abantailarekin iritsi ziren lehen atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran ere abantaila horri eutsi zioten Debasketekoek, baina laugarren laurdenean norbanako defentsara aldatu ziren hernaniarrak eta markagailuan aurre hartzea lortu zuten pare bat puntugatik. Partidaren azken zatian debarrek ondo estutu zuten, eta saskiratze batzuk kateatuz, garaipena lortu zuten. Taldeko ordezkariek Sergi Angladaren lana azpimarratu nahi izan dute. “Azkeneko laurdenaren amaieran lortutako hirukoa partida irabazteko erabakigarria izan zen”.
Asteburuko atsenaldenaldiaren ostean, urriaren 15ean ekingo diote laugarren jardunaldiari. Urriaren 15ean Debako kiroldegian jokatuko den partidan Elorri-Aldapa taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak.
Azken asteetan denboraldi berria prestatzeko lagunarteko partida jokatzen aritu ondoren, egunotan hasiko dira ofizialki lehiatzen emakumezkoen kadete taldea eta Zalburdi Debasket nagusi mailako gizonezkoen bigarren taldea.