Debasket Saskibaloi Klubeko gizonezkoen lehen taldea igoera faserako txartela lortzeko borrokan murgilduta dago bete-betean. Sailkapen taulako hirugarren postuan da taldea, eta larunbatean (maiatzak 6) igoera faseko lauko finalaren lehen norgehiagoka jokatuko du; Hondarribiko Ama Guadalupekoa Ikasbasket bigarren sailkatuaren aurka neurtu beharko ditu indarrak.
Norgehiagokaren atarian jokalariak “itxaropentsu” daudela azaldu dute Debasketeko ordezkariek, baina neurketa “oso lehiatua, estua eta parekatua” izango dela aurreratu dute. “Ligako joaneko partidan puntu bakarrarengatik galdu genuen eta etxean jokatu genuen bueltako partidan, berriz, 6 puntugatik nagusitu ginen. Irabazteko aukerak baditugula uste dugu, baina taldea gogor saiatu beharko da”.
Partida erabakigarria. Bigarren Mailatik Lehen Mailara igotzeko lehian sartuta, larunbateko partida irabazteak “berebiziko garrantzia” duela azpimarratu dute. Are gehiago, garaipena lortuz gero, igoera faserako txartela “bideratuta” edukiko luketela gaineratu dute. “Irabaziz gero, igoera ziurtatuta izango genuke, multzoko lehen edo bigarren sailkatu modura. Urte zaila izan da, eta mailaz igoz gero, denboraldi hasieran jarritako helburua beteko genuke. Taldea aurreko urtean jaitsi zen mailaz eta, egia esan, maila gorenera bueltatzeak sekulako ilusioa egingo liguke”.
Partidaren garrantzia ikusita, klubak deialdi berezia egin die zaletu eta gainontzeko herritarrei, partida animatzera joateko. Jarraitzaileen animoak lortzeko helburuarekin, autobusa ere antolatu dute
Hondarribian galduz gero, berriz, hurrengo partida irabazi beharko lukete nahitaez eta, aldi berean, aurkariek egiten dutenaren menpe geratu. “Hondarribiaren aurkako partida galduz gero, larunbat honetan multzoko lehen eta laugarren sailkatuen arteko partida galtzen duenaren aurka jokatzea egokituko zitzaigun. Normalean, eta kontrako baldintzarik egon ezean, hiru talde igotzen dira mailaz. Beraz, asteburu honetan galduz gero, txartel hori lortzeko beste aukera bat izango genuke”.
Partidaren garrantzia ikusita, klubak deialdi berezia egin die zaletu eta gainontzeko herritarrei, 19:45ean Hondarribiko Hondartza kiroldegian jokatuko den partida animatzera joateko. Jarraitzaileen animoak lortzeko helburuarekin, autobusa ere antolatu dute. Iragarri dutenez, 16:30ean aterako da autobusa Debako autobus geltokitik, eta partida amaitzean bueltatuko dira Hondarribitik. “Harmailak zaletuz bete nahiko genituzke. Momentu erabakigarria izango da, beraz, jarraitzaileen berotasuna eta babesa sentitzea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu”.
Bazkideentzat doakoa izango da garraioa, baina klubeko jokalariek 5 euro eta gainontzekoek 10 euro ordaindu beharko dute. Lekua gordetzeko interesa dutenek Whatsapp mezu bat bidali beharko dute 621 01 93 83 telefono zenbakira. “Gure asmoa da, gutxienez, autobus bat betetzea. Jende gehiagok izena emango balu, bigarren bat ere antolatu genuke, betiere, gutxienez, autobus erdia betetzeko gai izango bagina”. Animazioa ere ziurtatuta egongo da; Que toque el de alau txaranga ere eurekin joango da arratsaldea girotu eta taldeari motibazio nahikoa ematera.