Aurreko larunbatean (maiatzak 6) Hondarribiko Ama Guadalupekoa Ikasbasket taldearen aurka galdu ondoren, Debasketen gizonezkoen lehen taldeak hil ala biziko partida jokatuko du bihar (maiatzak 13), egoera berean dagoen Arrasateko Mondragon Unibertsitatea A taldearen aurka. Biek ala biek Gipuzkoako lehen mailara bueltatzeko azken aukera izango dute jokoan.
Biharkoa “intentsitate handiko” partida izango dela uste dute debarrek, eta mailaz igotzeko aukerak baldin badituzte ere, iragarri dute aurkariek ez dizkiela gauzak “erraz” utziko. “Ez da nolanahiko partida izango. Izan ere, asko dago jokoan. Eta aurkariak gure atzetik sailkatu baziren ere, indartsu datoz. Aurreko astean, esaterako, sekulako partida jokatu zuten liderraren aurka. Ezustekoa emanda ia-ia irabazi (71-73) egin zuten; azken segundoetan, gutxigatik galdu zuten aukera. Beraz, adi ibili beharko dugu”.
Deboraldi bikaina osatu du gizonezkoen lehen taldeak, eta zuzendaritza taldeko kideek nabarmendu dute “ez dutela hutsean utzi nahi” azken hilabeteetan egindako ahalegina. Hori dela eta, biharko partidaren garrantzia azpimarratu eta iaz galdutako maila berreskuratzeko azken aukera izango dela ulertuta, kiroldegiko harmailak betetzeko deia egin dute. “Zaleen eta herritarren bultzada inoiz baino beharrezkoagoak izango dira. Aurreko astean, esaterako, dozenaka zaletu batu ginen Hondarribian eta bihar ere horrenbeste edo gehiago batzea espero dugu”.
Aurreko asteko partida. 73-45 galdu ondoren, Ama Guadalupeko Ikasbasket taldearen aurka Hondarribian jokatuko partida “oso txarra” izan zela aitortu dute Debasketeko ordezkariek. “Sekulako giroa izan genuen harmailetan, baina ez genuen jokoan asmatu; gehiago izan ziren aurkariak. Urduritasunak gehiago eginda ibili ziren jokalariak, eta ez zuten horri aurre egiten jakin”.