Debasket Saskibaloi Klubak aurtengo denboraldian izan duen nobedade garrantzitsuena kadete mailako nesken taldearen parte-hartzea izan da. Klubaren historia laburrean lehen aldiz parte hartu du emakume talde batek Gipuzkoako lehiaketetan. Orain arte talde mistoak izan ditugu lehiatzen, emakume senior talde bat ere ibili zen entrenatzen, baina emakume talde bat Debasket Saskibaloi Klubaren izenean lehiatu den lehendabiziko aldia izan da. Albizu Harategia Debasket izan da taldea, hain zuzen ere.
Agian batzuentzako sekulakoa da aurreko lerroetan adierazitakoa, baina Debasket Saskibaloi Klubak are eta gehiago nabarmendu nahi du talde honek denboraldi osoan izan duen jarrera. Euren jarrera eredugarria da, kantxa barruan zein kanpoan, eta, nola ez, entrenamendu eta partidetan. Nahiz eta denboraldian partidetan lortu dituzten emaitzak ez diren izan onenak, umoreak eta giro onak beti izan du lekua taldean, eta, nola ez, denenganako errespetuak ere bai. Debasket Saskibaloi Klubetik harro esan dezakegu jokalariek aurrerapen handia egin dutela kirol mailan, are gehiago taldeko kideek orain arte saskibaloiarekin izan duten harremana kontuan hartuta.
Klubak duen helburuetako bat pertsonak garatzea da eta aurten, ohartu gabe, pertsona hauek garatu dute Kluba. Debasket oso pozik dago neska talde honek eman duen izugarrizko aurrerapausoarekin eta kontziente da orain denon lana dela talde hau bermatzea, indartzea eta ahal den neurrian beste maila batzuetan ere emakumeen kirola bultzatzea. Horregatik, interesa duzuen guztioi Debasketen parte hartzeko deia egin nahi dizuegu. Ateak beti egongo dira irekita edozeinentzako. Bide batez, urtero bezala, maiatzetik aurrera ate irekiak egiten hasiko garela gogorazi nahi genuke. Adi gure sare sozialei!