Ekitaldia Plaza Zaharrean izango da, 11:00etatik 14:00etara, eta helburua da herritarrak nazioarteko lankidetzaren eta elkartasunaren garrantziaz sentsibilizatzea, baita bidezko merkataritzaren eta proiektu solidarioen inguruan informazioa jasotzea eta parte hartzea sustatzea. Euria egingo balu, azoka paseo estalian egingo da.
Jardunaldian zehar, Elkartasun Azokak bidezko merkataritzarekin, garapenerako lankidetzarekin eta biztanle ahulenen bizi-baldintzak hobetzearekin konprometitutako erakunde eta kolektibo ugari bilduko ditu. Bertaratzen direnek bidezko merkataritzako produktuak, artisautzak eta bestelako ondasun solidarioak erosi ahal izango dituzte, eta erakunde horiek munduko hainbat lekutan gauzatzen ari diren proiektu humanitarioak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.
Parte hartzen duten erakundeen artean SMH (Itsas Salbamendu Humanitarioa), Lumaltik, Kooperazio Taldea (Parrokia), Agua de Coco Fundazioa, Zaporeak, El Salvador Elkartasuna, Debako Liburu Solidario Taldea, Deba-Palestina Herri Ekimena eta ICLI (Lankidetzarako Ingeniaritza) izango dira. Erakunde horiek beren esperientziak eta proiektuak partekatuko dituzte, eta herritarrak justizia sozialaren eta giza eskubideen aldeko borrokan aktiboki parte hartzera gonbidatuko dituzte.
Proiekzioa
Era berean, etzi (urriak 12), 19:00etan, Kultur Elkartean, No Other Land proiektatuko da, gatazka-eremuetako ahalegin humanitarioak jorratzen dituen dokumentala.
“Elkartasun Azoka ez da soilik erosteko gune bat, bertaratutakoek hainbat eskualdetako errealitateak eraldatu nahi dituzten ekimen solidarioei buruz informatzeko eta haiekin aktiboki bat egiteko aukera ere izango dute. Erosketa bakoitzarekin, bertaratuek lankidetza proiektu horiek babesten lagunduko dute zuzenean”, adierazi du Alazne Txurruka Debako alkateak.
Debako herritarrei ekitaldi honetan parte hartzeko deia egiten zaie, lankidetza proiektuei buruz gehiago ikasteko eta bizitzak aldatzen ari diren ekimenak babesteko.