Aurten ere, herritarren parte-hartzea, aisialdi aktiboa eta garapen pertsonala sustatzeko bi jarduera-programazio anitz bezain zabal aurkeztu ditu Debako Udalak.
Hona hemen eskaintzari buruzko informazioa:
Gozatuz programa 17 urtetik gorakoentzat
Alde batetik, 17 urtetik gorakoei zuzendutako Gozatuz programak aurten taila eta zeramika tailerrak, defentsa pertsonaleko ikastaroa, idazketa sortzailea eta soinu-ekipo bat hutsetik muntatzeko ikastaroa hartzen ditu bere baitan. Programazioak ikasturte osoa hartzen du, eta izena emateko epea zabalik dago irailaren 21era arte.
Izen-ematea aurrez aurre egin daiteke, matrikula orria bete eta udal liburutegian, turismo bulegoan edo udaletxeko arreta bulegoan aurkeztuz. Internez bidez ere eman daiteke izena (esteka honetan).
Eskolaz kanpoko jarduerak eta Gozatuz 17 urte bitarteko gazteentzat
Bestetik, "Eskolaz Kanpoko Jarduerak LH1-DBH4 2025" eskaintza aurkeztu da, Lehen Hezkuntzako lehen mailatik DBHko laugarren mailara bitarteko ikasleei zuzenduta. Programazioan kirola, musika eta dantza, gaztelekua eta aisialdi modalitateak daude aukeran.
Kirola: Multikirola eta eskola kirola edota gazteentzako fitnessa bezalako jarduerak eskaintzen dira, eta izen-ematea kiroldegian egin behar da.
Musika eta dantza modalitatea: Debako Musika eta Dantza Eskolaren eskaintza hartzen du barne. Musika eta mugimendua ikastaroak, kantua, jazz tailerrak eta euskal dantzen ikastaroak eskaintzen dira, baita instrumentuak jotzeko aukera edota Big Band, txistulari nahiz trikitilarien taldeetan parte hartzeko aukera ere. Matrikula eskolan bertan egin behar da, bulegoko ordutegian, eta prezioa aukeratutako jardueraren araberakoa izango da.
Gaztelekua: 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako doako aisialdia eskaintzen duen zerbitzu sozio-hezitzailea da, haien garapena, hezkuntza eta sozializazioa sustatzeko jarduerak eskaintzen dituena.
Aisialdia: 17 urtetik beherakoentzat Gozatuz programak euskarazko aisialdi dibertigarria eskaintzen du. Eskaintza hau antzerkia, dantza urbanoa, pintura, sukaldaritza, defentsa pertsonala eta irakurketa eta idazketa sortzaileko ikastaroek osatzen dute.
Izena emateko epea irailaren 21era bitarte egongo da zabalik. Aurrez aurre eman daiteke izena, izen-emate orria udal liburutegian, turismo bulegoan edo udaletxeko arreta bulegoan utziz. Eta Internetez ere badago izena emateko aukera (esteka honetan).
Ekimen hauek Debako Udalak herritarren ongizatearekin, hezkuntzarekin eta aisialdi osasungarriarekin duen konpromisoa islatzen dute, komunitate aktibo, sortzaile eta kohesionatua sustatuz.