30 urte baino gehiagoko arazo historiko bati amaiera eman dio Debako Udalak Iberdrolaren transformadorearen lekualdatzearekin

Erabiltzailearen aurpegia Debako Udala 2025ko ira. 9a, 09:50

Gaur (irailak 9) hasiko dituzte transformadore hori Gudarien Plazako lur azpitik ateratzeko lanak. Hortaz, plaza itxita egongo da trafikoarentzat eta oinezkoentzat; anbulantziak, zamalanetarako ibilgailuak eta garajea duten pertsonak baino ezin izango dira sartu. Taxiak geltoki zaharreko aparkalekura lekualdatzen dira.

Debako Udalak herritarrek 30 urte luzez izan duten arazo bati irtenbidea ematea lortu du: marea biziak gertatzen ziren bakoitzean 580 pertsona abonatu baino gehiagok jasaten zituzten argi-mozketei amaiera ematea, alegia.

Iberdrolarekin egindako gestio eta bileren ondoren, konpainia elektrikoak beharrezko izapide administratibo eta baimen guztiak lortu ditu, eta gaur hasiko dira Gudarien Plazako lurpeko transformadorea atera eta geltoki zaharrean birkokatzea ahalbidetuko duten lanak. Esku-hartze hori estrategikoa da Debarentzat, eta Udalak gogor egin du lan jarduketa hori errealitate bihurtzeko prozesua gidatuz.

Hala, proiektu honek funtsezko hobekuntza dakar herrian hornidura elektriko seguru eta egonkorra bermatzeko. "Arazo hau konpontzea lehentasunezkoa zen Udalarentzat. Bagenekien auzotar askori eragiten ziela aspalditik, eta horregatik gogor lan egin dugu konponbidea bilatzeko", adierazi du Alazne Txurruka alkateak.

Lanak hainbat fasetan egingo dira eta datorren urtearen hasieran amaitzea aurreikusten da.

Lan horiek segurtasunez egin ahal izateko, Gudarien Plaza itxita egongo da, bai trafikoarentzat bai oinezkoentzat, eta honako hauek bakarrik sartu ahal izango dira:

  • Anbulantziak
  • Zamalanak egiten dituzten ibilgailuak
  • Inguruan garajea duten bizilagunak

Era berean, taxi zerbitzua geltoki zaharreko aparkalekura lekualdatuko dute lanek iraun bitartean.

Udalak ulermena eta lankidetza eskatu die herritarrei, esku-hartzea mugarri garrantzitsua izango baita Debako zerbitzu elektrikoaren kalitatean.

Jarduera horrekin, Udalak oinarrizko azpiegiturak hobetzeko, herritarren ongizaterako eta Debari duela 30 urte baino gehiago eragiten zion egiturazko arazoa konpontzeko konpromisoa berretsi du.