Debako Udalak atzo arratsaldean ospatu zuen ohiko osoko bilkura. Bilkura hori, mugarri garrantzitsua izan zen etxebizitzaren arloan, izan ere, Udalbatzak Deba etxebizitza gune tentsionatu izendatzeko prozesuari hasiera ematea onartu baitzuen, azken bi hilabeteetan egindako lan eta azterketa sakon baten ondoren. Urrats hori funtsezkoa da udalerrian etxebizitza lortzeko dagoen zailtasun gero eta handiagoari aurre egiteko. Horrez gain, osoko bilkuran EAJ-PNVk Palestinari elkartasuna adierazteko aurkeztutako mozioa ere onartu zen, Orain Deba eta EH Bilduren abstentzioarekin.
Deba etxebizitza-eremu tentsionatu izendatzeko lehen urratsak
Deba etxebizitza-merkatuaren gune tentsionatu izendatzeko prozesuak lehen urratsa eman zuen atzo, uztaileko ohiko osoko bilkuran onartu ondoren. Neurri horrek alokairuaren prezio altuak arautzea eta etxebizitza eskuratzeko aukerak hobetzea eta debarrek etxebizitza bat eskuratzeko dituzten egungo zailtasunei erantzun zuzena ematea du helburu.
Maiatzeko osoko bilkuran, EH Bilduk Deba gune tentsionatu izendatzeko prozesua berehala hasteko proposamena aurkeztu zuen. Udal gobernuak, baina, gaiaren garrantzian bat bazetorren ere, ezinbestekotzat jo zuen gaia modu sakonean aztertzea edozein erabaki hartu aurretik. Ildo horretan, azterlan zehatz bat egiteko beharra azpimarratu zen, neurri zein erabaki horren onurak eta ondorio legal eta ekonomikoak zehatz-mehatz ebaluatzeko.
Hala, ekainean zehar, gobernu taldeak bi lan-bilera egin ditu EH Bildurekin. Bilera horietan hainbat irtenbide eztabaidatu dira, inguruko udalerri tentsionatuen ereduak aztertu dira eta udal teknikariekin kontsultatu da. Lanketa horren ondoren, atzo egindako osoko bilkuran aho batez erabaki zen prozesuari hasiera ematea, datozen hiru urteetan etxebizitza-merkatuan dauden gabeziei aurre egiteko herritarrei ekintza-plan xehatu bat aurkezteko konpromisoarekin.
"Urrats oso garrantzitsua eman dugu Debak herritarrei etxebizitzaren arloan konponbideak eskaini ahal izateko. Azterketa sakon baten ondoren, prest gaude prozesuari ekiteko, beharrezko laguntza tekniko eta politikoarekin. Gure erantzukizuna da zorroztasunez eta seriotasunez jokatzea gure herriaren etorkizunerako hain erabakigarria den gai honetan", adierazi zuen Alazne Txurruka alkateak.
Hurrengo urratsen artean justifikazio-memoria bat, etxebizitzaren egoerari buruzko diagnostikoa eta hiru urteko ekintza-plan bat aurkeztea jasotzen dira, tenkatutako zona bat izendatzeko prozesuak eskatzen duen bezala. Udalak, halaber, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza estuan aritzeko konpromisoa hartu du, hartutako neurrien eraginkortasuna bermatzeko.
Palestinari babesa emateko mozioa
Era berean, Palestinari buruzko EAJ-PNVren mozioa ere onartu zen atzoko osoko bilkuran, Gazako populazio palestinarraren aurkako indarkeria eta genozidioa gaitzesteko. Mozioak berehalako su-eten baterako deia, nazioarteko zuzenbidea errespetatzea eta Israelekin merkataritza akordioak berrikustea jasotzen ditu. Gainera, laguntza humanitarioa bidaltzeko eta Gazara blokeoa amaitzeko ere eskatzen du.
Alazne Txurruka Debako alkateak mozioaren garrantzia azpimarratu zuen: "Udalerri gisa, elkartasuna erakutsi diogu Palestinako herriari, eta bakearen eta giza eskubideen aldeko mezu argia bidali dugu. Lanean jarraitu behar dugu gatazkak modu zuzen eta baketsuan konpontzen direla bermatzeko".
Mozioa EAJ-PNVren aldeko botoekin onartu zen, eta EH Bildu eta Orain Deba abstenitu egin ziren. Horren harira, Orain Debako zinegotziak, Isidro Aristik irmoki gaitzetsi zuen Israel eta Palestinaren arteko gatazka eta adierazi zuen Debako udalbatzak jada onartu zuela aho batez Israel eta Palestinari zegokion mozioa. “Oraingoan EAJk ez du gainerako alderdiekin adostu azken mozio hau eta horrenbestez, Orain Deba abstenitu egingo da”, gehitu zuen. EH Bilduk, halaber, bere desadostasuna azaldu zuen mozioaren puntu batzuekin eta abstenitu egin zen, Orain Debak egindako argudiaketarekin bat eginez. “Mozioen helburua da ahalik eta babes gehien jasotzea eta hau modu itxian aurkeztu du EAJk, puntuka bozkatzeko aukera gabe. Etorkizunera begira, elkarlanerako deia egiten dugu beste behin”.
Bestalde, Deba-Palestina taldea ere izan zen osoko bilkuran eta hitza hartu zuen puntu honetan. Taldekideek, gaitzespenaz haratago gatazkaren testuingurua ulertzeko eta ezagutarazteko beharra azpimarratu zuten, haien hitzetan, “Hammasek eta erresistentzia palestinarrak egindakoa ez delako ezerezetik sortu”. Horrez gain, taldekideek bandera palestinarra udaletxeko balkoian jartzeko eskaera luzatu zuten eta alderdi politiko guztien babesarekin, osoko bilkura amaitu ahala jarri zen balkoian zintzilik, hilabete amaiera bitarte.