Debako Udalak eta Itziarko Auzo Udalak eskerrak eman dizkiete N-634 errepidearen itxierak kaltetutako auzotarrei

Erabiltzailearen aurpegia Debako Udala

Bi erakundeek eskertu dute errepidearen itxierak zuzenean kaltetu dituen baserritarren eta auzotarren pazientzia eta ulermena.

Deba eta Itziar arteko N-634 errepidea itxita egon da martxoaz geroztik bertan gertatutako lur jauzi baten ondorioz. Horren eraginez, Gipuzkoako Foru Aldundiak guztiz itxi zuen eremua, egonkortze lanak egin ahal izateko.

Une honetan, eremuko segurtasuna bermatzeko lanek aurrera jarraitzen duten bitartean, errepideko errei bat zabaldu da, semaforo bidez erregulatuta.

Horren harira, Debako Udalak eta Itziarko Auzo Udalak eskertza publikoa adierazi nahi diete eremuko baserritarrei eta itxiera horrek zuzenean kaltetu dituen bizilagun guztiei, azken hilabete hauetan erakutsi eta izandako pazientzia, ulermen eta lankidetzagatik.

Bi erakundeek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin duten lankidetza-konpromisoari eusten diote, egonkortze-lanek aurrera egin dezaten eta lehenbailehen amaitu daitezen, betiere errepidearen erabiltzaile guztien segurtasunari lehentasuna emanez.