Inma Alberdi debarrak diseinatutako kartela izango da 2025eko San Roke jaien irudia

Erabiltzailearen aurpegia Debako Udala

Inma Alberdi aurtengo jaietako kartel irabazlearen egilea eta Ainhoa Urbieta udal zinegotzia, 2025eko San Roke jaiak iragartzeko kartel irabazlea eskuan. Argazkia: Debako Udala.

Epaimahaiak aukeratutako hiru proposamenetatik Inma Alberdik aurkeztutakoa izan da herritarrek gehien bozkatu dutena. Kartelaren egileak, jaietako elementu klasiko eta, aldi berean, adierazgarrienetarikoa nabarmendu nahi izan du: jaietako zapia.

Hilabete falta da San Roke jaietarako, herriko jai kuttunenak, eta hauek  badute irudi propioa, Inma Alberdi Erausquinek diseinatua. San Roke jaietarako kartel lehiaketak hamar proposamen ezberdin jaso zituen eta horietatik hiru aukeratu zituen epaimahaiak, herritarrek bozkatzeko:

  • San Roke

  • Abuztuak 14

  • Altxa zapia gora eta lepora!

Hiru proposamen horiek ikusgai egon ziren Turismo Bulegoan uztailaren 5ean eta 6an, eta herritarrek bertan bozkatu ahal izan zuten proposamen horietatik gustukoena.

Hala, guztira 139 boto jaso ziren, eta horietatik Inma Alberdi debarrak aurkeztutako Altxa zapia gora eta lepora! proposamena izan zen bozkatuena. Horrenbestez, Alberdiren proposamena izango da datorren abuztuaren 14tik 18ra ospatuko diren San Roke jaien irudia.

Jaietako zapia

Bere proposamenaren bidez, egileak herriko jaietako elementu klasiko eta, aldi berean, erakusgarrienetarikoa nabarmendu nahi izan du: zapia. Urtez urte, festen hasiera adierazten duen ikurra, eta egun berezi horietan debarren artean batasuna eta jai giroa islatzen dituena.