Abian da lankidetza eta garapenerako dirulaguntzen deialdia

Erabiltzailearen aurpegia Debako Udala

Guztira 61.000 euro bideratuko ditu udalak elkartasun- eta sentsibilizazio-proiektuak babesteko, nazioarteko lankidetza, garapenerako hezkuntza eta ekintza humanitarioa lantzen duten tokiko entitateei zuzenduta. Entitateek uztailaren 19a bitarte dute eskabideak aurkezteko epea.

Debako Udalak lankidetza eta garapenerako proiektu eta jarduerak ekonomikoki sendotzeko helburuarekin 2025eko dirulaguntzen deialdia ireki du. Ekimen honen bidez, nazioarteko elkartasuna sustatuko duten eta biztanleria ahulen bizi-baldintzak hobetzen lagunduko duten jarduerak babestu nahi dira. 

Dirulaguntza-lerro honek tokiko entitateen parte-hartze aktiboa bultzatu nahi du, giza garapen jasangarria eta herritarren kontzientzia solidarioa indartuko dituzten ekimen zehatzetan. Helburua da eragin positiboa sortzen duten proposamenak ekonomikoki laguntzea, bai lankidetza zuzena bideratzen duten proiektuen bidez, bai justizia sozialaren eta konpromiso globalaren balioak zabaltzeko hezkuntza-jardueren bidez.

[KONTSULTATU OINARRI GUZTIAK HEMEN]

Udalak 61.930,11 euroko aurrekontua bideratu du deialdi honetarako, eta honako bost jarduera-lerroak finantzatzea aurreikusten du:

  • Nazioarteko lankidetza proiektuak.

  • Sentsibilizazio eta garapenerako hezkuntza jarduerak.

  • Larrialdi egoeretan ekintza humanitarioak.

  • Adingabeen aldi baterako harrera programak.

  • Tokiko gazte kooperanteen parte-hartzea.

Eskabideak

Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, uztailaren 19a bitarte. Eskabideak dirulaguntza-lerro bakoitzerako aurreikusitako dokumentazioarekin eta oinarrietan ezarritako moduan aurkeztu beharko dira.