Bi urte igaro dira Debako Udalak etorkizun partekatua eraikitzeko konpromisoa hartu zuenetik. Gaur egun, agintaldiaren erdira iritsita, konpromiso horrek indarrean jarraitzen du, orain arte egindako ekintza, hartutako erabaki eta emandako urrats bakoitzarekin indartuz.
"Duela bi urte hitzemate bat egin genuen: Deba beti etorkizunera begira egongo zen udalerria izango zela. Gaur, bide erdian, esan dezakegu ez diogula egun bakar batez ere hitzemate hori betetzeko lan egiteari utzi", esan du Alazne Txurruka alkateak. "Izan ere, debarren bizitza hobetzea ez da soilik helburu bat, politika ulertu eta egiteko modu bat da, hurbiltasunetik, erantzukizunetik, entzutetik eta gardentasunetik abiatuta".
2023-2027 Gobernu Planean jasotako 44 ekintzetatik 40 martxan edo amaituta daude. Baina alkateak azpimarratu duenez, "garrantzitsuena ez da kopurua, horrek esan nahi duena baizik: pertsonak erdigunean jartzen dituen eta inor atzean uzten ez duen udalerria gara, guztion artean eraikitzen dugun udalerria, hain zuzen".
Garatutako proiektu estrategikoen artean, Zaintza Ekosistema nabarmentzen da; jada bi urtez dihardu udalak proiektu honetan lanean, udalerrian zaintza eredu partekatua sustatu eta errotzea, etorkizunean, zaintza, erantzukizun kolektiboa izan dadin. Horrez gain, Europako Next Generation funtsekin finantzatutako ekimenak nagusitzen dira, hala nola pasealeku estaliaren edo Gudarien Plazaren eraldaketa, datorren udazkenean hasiko direnak, argiteria publikoaren berrikuntza edo turismoaren digitalizazioa; azken honek Deba jasangarritasunaren eta berrikuntzaren abangoardian kokatzen du.
Mugikortasunean eta etxebizitza arloan ere izan dira aurrerapen garrantzitsuak: Irisgarritasun Plana, autobus-linea gehigarriak, markesina berria Hostalaren inguruan eta 2026 urte hasierarako tren zerbitzuak ordu erdiko maiztasuna izateko ETSren konpromisoa. Horri Udaltzaingoarentzako lokal berriak gehitu behar zaizkio, zerbitzuaren hurbiltasuna eta segurtasuna hobetuz. Eta etxebizitza arloan, Amillagako urbanizazioan aurrera pausoak eman dira eta Osioko garapenerako lanketa ere aurrera doa.
Beste hainbat proiektu
Etorkizunari begira, halaber, asmo handiko beste hainbat proiektuetan dago murgilduta udala, horien artean, kultur ekipamendu berri bat, ludoteka bat, udal ordenantzen berrikuspena, azterketa sozioekonomikoa eta datozen urteetako hirigintza markatuko duen HAPO berri baterako bidea.
"Ibilbide-orria argi dago, baina bidai horretan nor dugun bidelagun da garrantzitsuena. Izan ere, Debaren etorkizuna eraikitzea ez da udalaren zeregina bakarrik, erronka kolektiboa da. Eta bidaia honetako gauzarik politena elkarrekin eraikitzea da, ilusioz, gogoz eta konpromisoz", amaitu du Alazne Txurrukak.