Ekainaren 12an, Itziarko Burugorri eraikinak Ezagutu zein den zure etxebizitzarako berokuntza sistemarik egokiena izeneko tailer praktikoa hartuko du. Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta OTC – Gipuzkoako Energia Eraldaketarako Bulegoak antolatu dute, Debako Udalaren lankidetzarekin. Deban, halaber, irailaren 23rako aurreikusi da saio bera.
Energia Argitu programaren baitan kokatzen den jarduera honek herritarrei oinarrizko ezagutzak eta irizpide praktikoak eskaintzea du helburu, beren etxearen ezaugarrien arabera, segurtasunez eta merkatuaren presiorik gabe, berokuntza sistemarik eraginkorrena eta egokiena aukeratu ahal izan dezaten. Tailerrean hainbat arlo landuko dira: etxebizitza mota, lehendik dauden instalazioak (aparatuak, hodiak), etxebizitzaren erabilera ohikoa eta energia-eraginkortasuna hobetzeko aukerak, guztiak ikuspegi hurbil, irisgarri eta praktiko batetik.
Doako tailerra
Tailerra interesa duen herritar orori irekia da eta parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea, ekainaren 11a baino lehen, energiabulegoa@gipuzkoa.eus helbidera mezu bat bidaliz edo 628 53 23 03 telefonora deituz, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara. Saioa euskaraz eskainiko da eta aurrera eramateko gutxienez bost pertsonek eman behar dute izena.
Tailer hau Energia Efizientziarako eta Zaurgarritasun Energetikoaren aurkako Borrokarako Programaren esparruan garatzen da. Programa hau Next Generation EU Europako funtsek finantzatzen dute eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) kudeatzen du, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren baitan.
Debako Udalak herritarrak prestakuntza saio honetan parte hartzera gonbidatzen ditu, etxeko erosotasuna hobetzeko, energia-kontsumoa murrizteko eta gizarte jasangarriago baten alde egiteko tresna erabilgarriak eskainiko baititu.