Bizikletak aparkatzeko eta konpontzeko gune berriak jarriko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan

Guztira 70 aparkaleku berri jarriko dira, bost gune estrategikotan banatuta. Horrez gain, bizikletak konpontzeko bi gune ere egongo dira.

Ingurumenarekiko errespetua oinarri hartuta eta bizi-ohitura osasuntsuak bultzatze aldera, Debako Udalak bizikletentzako bost aparkaleku berri eta konponketarako bi gune jarriko ditu, garraiobide horren erabilera errazteko eta udalerrian mugikortasun iraunkorra sustatzeko.

Esku-hartze hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentutik lortutako 6.881,88 euroko dirulaguntzaren bidez eramango da aurrera, bizikletentzako azpiegiturak garatzeko 2025 deialdiaren esparruan.

Kokalekuak

Aparkalekuak Debako gune nagusietan banatuko dira, hala nola futbol zelaian, hondartzan, liburutegian, gaztetxean eta musika eskolan. Guztira, 70 bizikletentzako lekua izango dute gune horiek: 20 plaza futbol-zelaian, 20 hondartzan eta 10 plaza aipatutako beste hiru puntuetako bakoitzean.

Gainera, konponketarako eta gurpilak puzteko bi puntu publiko ere jarriko dira Itziarko Gainean eta zumardian, udalerritik igarotzen diren erabiltzaileei eta txirrindulariei zerbitzua emateko. Bizikletak aparkatzeko Deban gaur egun dauden puntuak ere berrituko dira.

Ekimen honekin, Debako Udalak eguneroko joan-etorriak bizikletaz egin daitezen bultzatu nahi du, ahal den neurrian autoaren erabilera murriztuz, eta bizikletaren erabileraren bidez turismo eta aisialdi iraunkorra sustatuz.

Aparkaleku seguru eta erosoak eta konponketarako guneak jartzea funtsezko urratsa da herrian bizikleta bidezko mugikortasuna normalizatzeko eta errazteko.