Uda sasoirako toldoak esleitzeko prozesua abiarazi du udalak eta jakinarazi duenez, bi zerrenda sortu dira. Hala, iaz zozketa bidez toldoa lortu eta denboraldi osoan alokatu zuten pertsonak, edo itxaron-zerrendatik lortu zutenek, A zerrenda deituriko zerrendan sartu dira.
Pertsona horiek iazko toldo berdina erabili ahal izango dute uda honetan, betiere dagokion tarifa ekainaren 8a baino lehen ordaintzen badute. Behin-behineko zerrenda dagoeneko argitaratuta dago udalaren webgunean eta udaletxeko iragarki-taulan, eta alegazioak ekainaren 2ra bitarte onartuko dira. Behin betiko zerrenda ekainaren 3an argitaratuko da. Horri lotuta, 2024an itxaron-zerrendan zeuden pertsona batzuei zuzenean esleitu zaie aurten toldoa libre zeudelako, betiere itxaron zerrendaren ordenari jarraituz; pertsona horiek horiz markatuta daude A zerrendaren baitan.
Zerrenda horretako pertsonaren batek ordainketa epe barruan egiten ez badu, toldo hori hutsik geratuko da eta itxaron-zerrendan (B zerrenda) dauden pertsonei esleituko zaie. Itxaron zerrenda ere argitaratu da, eta bajen arabera eguneratuko da, betiere lehentasun-ordena errespetatuz. Toldoa esleitu zaien itxaron-zerrendako pertsonek ekainaren 10etik 15era bitartean egin beharko dute ordainketa.
Onartutako desgaitasunen bat izateagatik toldo egokituak izan zituzten pertsonei dagokienez, hauek ere iazko toldo berdina mantendu ahal izango dute, betiere ordainketa epe barruan egiten badute. Toldo egokitua behar duten eta eskatutako ziurtagiri ofiziala ez duten pertsonek bigarren fasean eskatu beharko dute, dokumentazio medikoa berriro aurkeztuz.
Datak eta prezioak
Toldoen zerbitzua ekainaren 14tik irailaren 14ra egongo da eskuragarri, eta alokairurako ezarritako prezioak honako hauek dira:
- Toldoa lehen ilaran: 245 €
- Toldoa bigarren ilaran eta toldo egokitua: 220 €
(Aurten ez da fidantzarik ordaindu beharko)
Ordainketak banku-transferentzia bidez egin beharko dira, ES44 2095 0043 1091 2555 3561 kontu-zenbakira, eta ordainagiria debahondartzazerbitzua@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko da, izen osoa eta esleitutako toldo zenbakia adierazita.
Eguneko, asteko edota hilabeteko
Bigarren fasean, ekainaren 16tik aurrera, udalak hainbat toldo gehigarri jarriko ditu herritarren eskura denboraldi osoko, hileko, asteko edo eguneko alokairuetarako. Erreserba horiek hondartzako kabinetan kudeatuko dira zuzenean. Modalitate honetarako prezioak honako hauek izango dira:
- Hilabeteko: 130 €
- Asteko: 70 €
- Eguneko: 20 €
Udalak gogorarazi du ez dagoela baimenduta toldoak trukatzea, eta zerbitzua onartzeak arauak betetzea dakarrela. Arauak aldageletan aulkiak jasotzean jakinaraziko dira.