Edonola ere, EH Bilduren udal taldeak aurkeztutako mozioa izan da eztabaida gehien eragin duen puntua. Gobernu taldeak mozioaren aurka bozkatu du, horrelako erabaki garrantzitsu bat arduraz, plangintza baten baitan eta behar bezala aztertuta hartu behar dela argudiatuz.
Udal gobernuak gogorarazi du hori izan dela EH Bilduk gai honen inguruan egin duen lehen proposamena eta ez duela aurreko astean izandako Lurraldetasun batzordean inolako aipamenik egin "ezta gaia aztertzea komeni dela adierazi ere", azaldu du alkateak.
Udal gobernuak azaldu duenez, Debak eremu tentsionatu izendatzeko hiru baldintzetako bat baino ez du betetzen, hain zuzen ere alokairuaren prezioaren igoerari dagokiona. Izendapen horrek, besteak beste, alokairuen prezioei muga bat ezartzea ahalbidetuko luke, baina, aldi berean, konpromiso legal garrantzitsuak ekarriko lituzke bai udalarentzat, baita etxebizitzen jabe eta maizterrentzat ere.
Eta horrez gain, tentsionatutako gunetik irtetzeko 3 urteko Ekintza Plan bat aurkeztu beharko luke udalak, alokairuari loturiko eskaera eta eskaintza berrorekatu eta egoera horretatik irteteko.
Berrikuspen teknikoaren fasean
Era berean, gogorarazi du udal gobernuak EH Bildurekin batera garatutako Etxebizitza Planak lehentasuntzat hartzen duela alokairuaren gaia. "EH Bilduk badaki alokairua eta honi loturiko gaiak Etxebizitza Planaren ardatz estrategikoetako bat direla, baina gaur egun Etxebizitza Plana berrikuspen teknikoaren fasean dago, EH Bildu taldeak berak eskatuta", adierazi du Alazne Txurruka alkateak.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduren mozioa ez da onartua izan, eta udal gobernuak etxebizitzaren gaia seriotasunez eta elkarlanean lantzen jarraitzeko gonbita luzatu dio EH Bilduri, lasaitasunez eta erantzukizunez, Debarentzat eta debarrentzat konponbiderik egokienak aurkitzeko. EH Bilduren udal taldeak begi onez ikusi eta onartu du gonbita.