Abian da San Roke festak iragartzeko kartel lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan

Lanak aurkezteko epea ekainaren 26an amaituko da. Kartel irabazlea herritarrek aukeratu ahal izango dute, bozketa bidez, eta egileak 500 euroko saria jasoko du.

San Roke jaietarako prestaketa lanak abian daudela jakinarazi du Debako Udalak eta horren erakusgarri da kartel lehiaketaren deialdia, festak iragartzeko irudia hautatzeko helburuarekin. Parte hartu nahi duen edonork aurkeztu ahal izango du bere lana, jaietako irudi ofiziala izan dadin.

Kartelak formatu bertikalekoak izan beharko dira (50x70 cm), originalak eta argitaratu gabeak. Era berean, ezinbestekoa izango da ondorengo testua jasotzea: “San Roke jaiak 2025 - DEBA, abuztuak 14-18”. Horrez gain, Debako Udalaren logotipoa ere txertatu beharko da. Teknika eta kolorea aukerakoak izango dira, eta ordenagailuz egindako lanetan gutxienez 300 ppp-ko bereizmena duen euskarri digitala aurkeztu beharko da.

Lanak aurkezteko epea ekainaren 26an (14:00etan) bukatuko da; Debako Udaleko harreran (Portu kalea 1) aurkeztu beharko dira, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara. Lan bakoitza euskarri gogorrean eta babestuta entregatu beharko da, kanpoaldean lelo batekin identifikatuta. Era berean, lelo berarekin markatutako gutunazal itxi batean egilearen izen-abizenak, posta elektronikoa eta telefono zenbakia aurkeztu beharko dira.

Kartel irabazlea herri-bozketa bidez aukeratuko da aurten ere. Aurrez, ordea, kultur sailak izendatutako epaimahaiak lanen lehen hautaketa bat egingo du eta horiek izango dira azken bozketa fasera pasako direnak. Horri lotuta, epaimahaiak genero-oreka eta errespetuzko aniztasuna islatzen duten lanak lehenetsiko ditu eta baztertzaileak edo estereotipo tradizionalak dituztenak kanpo utziko dira.

Lan onen aukeraketa udaletxeko osoko bilkuren aretoan jarriko dute ikusgai eta herritarrek bertan emandako botoen bidez hautatuko dute irabazlea.

Irabazleak 500 euroko saria jasoko du eta bere lana aurtengo San Roke jaien irudi gisa erabiliko da. Saritu gabeko lanak 2025eko abuztuaren 4tik 8ra jaso ahal izango dira aurkeztu diren leku berean.

Informazio gehiagorako, deitu 943 19 28 40 telefonora edo idatzi kultura@deba.eus helbidera.