Debako Udalak asteburuan gertatutako ekintza bandalikoak gaitzetsi ditu

Erabiltzailearen aurpegia Debako Udala

Udaletxeko arkupeetan eta inguruan agertutako pintada iraingarriek udalerriko bizikidetzaren eta errespetu demokratikoaren aurka egiten dutela adierazi du udalak.

Debako Udalak bere gaitzespenik irmoena adierazi du atzo (maiatzak 25) udalerriko hainbat puntutan, zehazki udaletxeko arkupeetan eta inguruetan, agertutako pintada bandalikoen aurrean. "Alkatearen, Udaltzaingoaren eta Udalaren kudeaketaren aurkako pintadak erakunde demokratikoen zein herriko elkarbizitzaren eta herritarren arteko errespetuaren aurkako eraso zuzenak dira", nabarmendu dute.

Udalak adierazi du horrelako ekintzak guztiz onartezinak direla eta ez dutela lekurik udalerrian; horregatik, gaitzespenik irmoena azaldu du. "Desadostasun politiko edo sozialek adierazpen-bide legitimoak dituzte eta ezin dute inoiz justifikatu intimidazioaren erabilera, pertsona edo erakundeen deskalifikazio zuzena edo espazio publikoaren narriadura".

Udalak jakinarazi du beharrezko neurriak hartuko dituela pintada horien arduradunak identifikatzeko eta kaltetutako guneak garbitzeko; bide horretan, dei egiten die herritarrei udalerrian errespetua eta elkarbizitza zaindu eta bermatzeko.