Zabalik dago Uda Kirola ikastaroetan izena emateko epea

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan

Aurtengo eskaintzan surf, bodyboard, stand up paddle (SUP), kayak, skate surf ikastaroak eta xake ikastaroa txertatu dituzte. Jarduerak 6 eta 16 urte bitarteko haurrei eta gazteei zuzenduta daude.

Debako Udalak Uda Kirola 2025 programa aurkeztu zuen pasa den ostegunean. Udal ekimen honek kirol ikastaro desberdinak eskaintzen ditu, 6 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta, eta udan kirol praktika eta aisialdi osasungarria sustatzea du helburu. Alazne Txurruka alkateak ekimenaren garrantzia azpimarratu zuen aurkezpenean: "Uda Kirola gure gazteen artean bizi-ohitura osasungarriak sustatzearen aldeko apustu garbia da, horretarako Deban dugun ingurune paregabea itsatsoko zein aire libreko kirolak egiteko aprobetxatuz. Haur guztiek giro seguru eta irisgarrian udaz eta kirolaz gozatzeko eta ikasteko aukera izatea nahi dugu".

Aurtengo eskaintzaren baitan surf, bodyboard, stand up paddle (SUP), kayak, skate surf ikastaroak eta berrikuntza gisa xake ikastaroa egongo dira aukeran, ekainean, uztailean eta abuztuan banatutako ordutegi eta txandekin. Jarduera gehienak euskaraz egingo dira, baina eskaerak jasoz gero, elebidun ere izan daitezkeela adierazi dute udal iturriek.

Izen-ematea

Uda Kirola 2025ean parte hartzeko izen-ematea gaur (maiatzak 26) zabalduko dute Deban bizi diren pertsonentzat, eta udalerrian bizi ez direnek ekainaren 2tik aurrera eman ahal izango dute izena.

Izen-emateak Debako Turismo Bulegoan (Ifar Kalea, 4) edo turismoa@deba.eus helbide elektronikora bidalita egin daitezke. Bertan, dagokion izen-emate orria bidali beharko da. Gogoan izan heldu bakoitzak gehienez lau haurren izena eman ahal izango duela eta lehentasuna izango dutela izen-ematea aurrez aurre egiten duten pertsonek.

Gainera, lehen ikastarorako 20 euroko deskontua izango dute Deban bizi diren gazteek eta irisgarritasun eta laguntza sozialen arloan, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (RSB), Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGD) edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) onuradun diren familiek ikastaro horietan parte hartzeko kostu osoaren %20 baino ez dute ordainduko.

Plaza ziurtatu ondoren, 24 ordutan ordainketa egin beharko da parte-hartzea bermatzeko. Udalak uztailaren amaieran eskaintza egokitu daitekeela gogorarazi du, okupazioaren eta eskaeraren arabera; eta informazio eguneratua sare sozialetan eta udalaren webgune ofizialean egongo da eskuragarri.

Jon Riaño Kirol zinegotziak egitasmoan parte hartzeak gazteenei dakarkien esperientzia nabarmendu zuen: "Uda sasoia gure neska-mutilek esperientzia paregabeak bizitzeko aukera izatea nahi dugu, kirola eginez ondo pasatzen duten bitartean laguntasuna eta errespetua bezalako balioak ere ikas ditzaten. Programa honek, itsasora eta naturara hurbiltzeaz gain, Debarekiko lotura eta bizimodu aktibo eta osasungarria indartzen ditu".

Informazio gehiagorako, herritarrek Turismo Bulegora deitu dezakete (943 19 24 52), baita turismoa@deba.eus helbidera mezu elektronikoa bidali ere.