Bihar zabalduko da lehen aurrekontu parte-hartzaileen bozketa epea

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan

Deban erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek izango dute botoa emateko aukera.

Debako Udalak beste urrats bat eman du herritarren partaidetzarekiko apustuan, aurrekontu parte-hartzaileen bozketa fasea abiaraziz. Hala, bihartik (maiatzak 21) ekainaren 4ra bitarte, debarrek herriarentzat lehentasunezkoak diren proposamenak bozkatzeko aukera izango dute, hogeita hamar ekimen baino gehiagoren artean.

Debako lehen aurrekontu parte-hartzaileen prozesu honek harrera bikaina izan du herritarren artean. Lehen fasean, 438 proposamen baino gehiago aurkeztu ziren, eta jasotako ideiek hainbat arlo jorratzen dituzte, hala nola azpiegituren hobekuntza, iraunkortasuna, irisgarritasuna, kultura, kirola eta zerbitzu berrien sorrera.

Bi multzo

Azterketa tekniko sakon baten ondoren, proposamenak bi multzotan sailkatu dira, egikaritze-kostuaren arabera: 18.000 eta 100.000 euro bitarteko aurrekontua duten ekimenak batetik, eta 18.000 eurotik beherakoak bestetik.

Deban erroldatutako 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute bozketa fasean eta proposamenak egiteko fasean bezala, bi bide izango dituzte horretarako:

  1. Online, esteka honen bitartez. Webgune hori maiatzaren 21etik aurrera egongo da erabilgarri.
  2. Paperean: aste amaieran etxe guztietan banatuko den esku-orria betez eta ondoren udal eraikin ezberdinetan jarriko diren postontzietan utziz. Buzoiak udaletxean, musika eskolan, kiroldegian, turismo bulegoan, liburutegian, jubilatuen egoitzan eta, Itziarren kasuan, Burugorri gainean egongo dira.

Garrantzitsua da adieraztea bi kasuetan ezinbestekoa izango dela NAN zenbakia jartzea. Era berean, pertsona bakoitzak lau proposamen bozkatu beharko dituela multzo bakoitzeko, hau da, 18.000 eurotik gorako lau proposamen eta 18.000 eurotik beherako beste lau; 8 proposamen guztira. Pertsonako bozketa bakarra egin ahal izango da.

Debako alkateak, Alazne Txurrukak, herritarren inplikazioa eskertu nahi izan du: "Debarren erantzuna aparta izan da. Aurrekontu parte-hartzaileen lehen prozesu honek Deban ideia, konpromiso eta herriaren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko gogo asko dagoela erakutsi du. Herritar guztiak bozketa-fase honetan parte hartzera animatzen ditugu, boto bakoitzak asko kontatzen duelako”.

Ikasleen parte-hartzea

Udalak herriko ikastetxeekin lankidetzan jarraituko du bozketa fasean ere. Hala, Debako ikasleek beren proposamen gogokoenak bozkatzeko aukera  izango dute, Internet bidezko formulario bidez. Ekimen honen helburua Debako parte-hartze demokratikoarekiko eta garapenarekiko konpromisoa txikitatik sustatzea da.