Kokaleku berria irisgarriagoa eta funtzionalagoa da eta Udaltzaingoaren lan-baldintzak eta herritarrei ematen zaien arreta hobetzea ahalbidetuko du. Espazioaren berregokitzea 2023-2027 Agintaldi Planaren baitan kokatzen da eta 358.193 euroko inbertsioa izan du.
Bulego berriek 150,33 m²-ko azalera dute, eta hainbat eremu funtzionaletan banatu da espazioa: jendaurreko gunea, bulego pribatuak, udaltzainburuaren bulegoa, artxibo bat, komun egokituak, atseden-jantoki bat eta aldagelak, armairuak eta materialen biltegi bat jasotzen dituen zerbitzugune bat. "Espazioa irisgarritasun- eta funtzionaltasun-irizpideen arabera diseinatu da, udaltzaingoari lan-baldintza moderno eta eraginkorrak emateko helburuarekin".
Azpiegiturak hobetzea ez ezik, bulegoak lekualdatzearen helburu da Udaltzaingoaren gaitasun operatiboa indartzea, debarrei arreta hurbilagoa eta arinagoa eskaintzeko. "Neurri estrategikoa da, eta udal-gobernuak herriko zerbitzu zein azpiegitura publikoak etengabe hobetzeko duen konpromisoari erantzuten dio".
Geoparkea ere
Geoparkeak ere 99,63 m²-ko espazio berria izango du Simon Berasaluzen. Aurrerantzean, beraz, Geoparkea ez da Turismo Bulegoaren baitan kokatuta egongo. Instalazio berri horiek bilera-gela bat, lan-eremuak, atsedenlekuak eta komun egokituak dituzte, lan-ingurune egokiagoa eta profesionalagoa eskaintzeko.
Debako Udalak nabarmendu du proiektu hau urrats garrantzitsua dela udal-ekipamenduak berritzeko bidean, eta bat dator Agintaldiko Planean ezarritako helburuekin zein herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin.