438 proposamen egin dituzte debarrek aurrekontu parte-hartzaileen lehen fasean

Erabiltzailearen aurpegia Debako Udala 2025ko mar. 3a, 10:07

Proposamen gehienak online plataformaren bitartez jaso dira eta eskaeren artean herriko azpiegituren hobekuntza da debarrek gehien errepikatu dutena.

Duela hilabete inguru aurkeztu zituen Debako Udalak bere lehen aurrekontu parte-hartzaileak. Prozesu horren bitartez, herritarren eskura jarri ditu 200.000 euro, debarrek proposatu eta erabaki dezaten diru hori zertan inbertitu. 

Prozesua urtarrilaren 30ean hasi zen, proposamenak aurkezteko fasearekin. Lehen fase hori otsailaren 17ra bitarte egon da zabalik eta denbora horretan, debarrek herria hobetzeko ideiak eta proposamenak egin eta aurkeztu ahal izan dituzte. Lehen fase honek harrera ezin hobea izan du herritarren artean eta partaidetza altua jaso du, guztira, 438 proposamen batuz eta herritarrek udalerria hobetzeko duten interes eta konpromisoa islatuz.

Proposamenak bide desberdinetatik egin eta aurkeztu ahal izan dituzte herritarrek: aurrez aurre, paperean edota online. Kasu honetan, bide telematikoa izan da debarrek gehien erabili dutena, 299 proposamen jaso baitira online plataformaren bitartez. Bestalde, puntu fisikoetan, hala nola joan den otsailaren 8an Foruen Plazan jarritako postuan zein hainbat udal-gunetan jarritako postontzietan, 139 proposamen jaso dira paperean.

Parte-hartzaileen profilari dagokionez, proposamenetako 293 helduek (16 urtetik gorakoak) aurkeztu dituzte, eta 145 Debako ikastetxeetako ikasleenak dira. Emakumeak izan dira gehien parte hartu dutenak eta adinaren araberako banaketari dagokionez, talderik aktiboena 46 eta 65 urte bitarteko pertsonena izan da, ekarpen gehien erregistratu dituen multzoa izanik. 

Ikastetxeek aurkeztutako proposamenen kasuan, DBH 4ko ikasleak izan dira parte-hartzaileenak (44 proposamen), eta, ondoren, DBH 1eko ikasleak (29 proposamen).

Herriko azpiegituren hobekuntza, proposamen errepikatuena

Gehien errepikatzen diren gaiei dagokienez, hiri-azpiegituren hobetzea izan da proposamen gehien batu dituena (94 proposamen). Horrez gain, kirol-espazioak egokitzea (87 proposamen), udalerriko mantentze lanak (66 proposamen), kultura-azpiegiturak (42 proposamen) eta hiri-altzari berriak jartzea (25 proposamen) dira gehien errepikatu diren gaiak. 

Debako eskolek egindako proposamenei erreparatuz, halaber, kirol-instalazioekin, mantentze-lanekin eta aisialdirako espazioekin lotutako proposamenak izan dira gehiengoak.

Debako Udaletik, Alazne Txurruka alkateak eskerrak eman dizkie prozesuaren fase honetan parte hartu duten herritar guztiei, eta azpimarratu du "partaidetza altuak agerian uzten duela herritarrek Debaren garapenarekin duten konpromisoa eta parte-hartze prozesu honen garrantzia indartzen duela".

Prozesuaren hurrengo urratsak

Proposamenak jasotzeko fasea amaituta, prozesuak ebaluazio eta hautaketa-fasearekin jarraituko du orain. Martxoaren 3tik aurrera, udaleko zerbitzu teknikoek jasotako proposamen guztiak aztertuko dituzte, ezarritako baldintzak betetzen dituztela ziurtatzeko. Ondoren, martxoaren 19an, Berme Batzordeak 20-25 proposamen lehenetsiko ditu, eta horiek izango dira maiatzean herritarren bozketa-fasera igaroko direnak.

Udalak herritarrei prozesuaren aurrerapenen berri ematen jarraituko du, eta debar guztiei dei egiten die hurrengo faseetan parte hartzen jarrai dezaten. Fase horietan erabaki ahal izango dute zein proiektu gauzatuko diren aurrekontu parte-hartzaile hauetara bideratutako 200.000 euroekin.