Ba al zenekien...

...Orange Productions ekoizpen-etxeak 'Kike Turmix' punk-rock musikariaren bizitzari buruzko dokumentala sortu zuela 2005ean? Eta irudietan Deba agertzen dela?

Erabiltzailearen aurpegia Ba al zenekien...?

Sortzez bilbotarra izan arren, Debarekin lotura estua izan zuen txikitatik Enrique Vitoriak (Kike Turmix ezizenez ezagunagoa). Debako danborradako zuzendari izandako Isidro Vitoria Miami-ren semea eta Txema Vitoriaren anaia izateagatik ezagutzen zuten askok inguruotan, baina 80ko eta 90eko hamarkadetan punk-rock musikari gisa egindako ibilbideak nazioarteko ospea eman zion.

Musikaren hainbat eremutan aritu zen: Kike Turmix y los pasapures, N-634 eta Pleasure Fuckers taldeetako abeslaria izan zen, adibidez, baita disko jartzailea, Safety Pin Records zigilu diskografikoaren sortzailea, kontzertu-bira antolatzailea… ere. Ospe handia izan zuen, besteak beste, Eskandinaviako rock musikarien artean ere, eta Orange Productions ekoizpen-etxeak bere bizitzari buruzko dokumentala kaleratu zuen 2005ean; goikaldean duzue ikusgai (azpitituluak ditu ingelesez). Deban grabatutako irudiak agertzen dira bertan. Urriaren 17an bete zen bere heriotzaren 19. urteurrena.