Ba al zenekien...

...Deba eta Mutriku arteko zubiak bere garaian zati altxagarri bat izan zuela?

Erabiltzailearen aurpegia Ba al zenekien...? 2024ko abu. 1a, 09:32

Bi udalerrien arteko zubia 1866an inauguratu zuten. Donostia eta Bilbo kostaldetik komunikatzeko eraiki zen azken bide zatia izan zen, eta XIX. mende erdialdeko Gipuzkoako arkitekturako eraikin adierazgarrienetariko bat da. Zubi altxagarria izan zen hasiera batean; alegia, itsasontzien trafikoa ahalbidetzeko, zubiaren zati bat igo egiten zen (egitura metalikoa zuen, bi partetan banatua). Ikatz-garraioa desagertu zenean, dena den, geldiarazi egin zuten zubi zati altxagarri hura eta urte batzuk beranduago, 1951n, desmuntatu egin zuten. 

Bitxikeri gisa, bestalde, zubiaren hegoaldeko petrilean, eskuin aldeko ertzetik hasita hirugarren arkuaren parean, horman giltzatuta dagoen burdin uztaiak ibaiaren ibilgu nagusia zehazten du, baita Debaren eta Mutrikuren arteko banalerroa edo muga ere.

 

Iturria: www.deba.eus eta Patxi Aldabaldetrecuren 'El puente de Deba' artikulua (Deba aldizkaria, 49. zenbakia).