Joxe Antonio Mugica, Josemari Iparraguirre eta hainbat lagunen arteko txirrindularitza apustua izan zen (gehienak Amaikak-Bateko zuzendaritzako kideak ziren). Apustua orduko Guria tabernan egin zuten, eta galtzaileek irabazleei Urgain jatetxean afari bat ordaindu behar zietela adostu zuten.
Txirrindulariek egin beharreko ibilbidea hauxe zen: Debatik Mendarora eta handik berriz ere Debara itzultzea, zumardian jarri baitzuten helmuga.
Norgehiagokarako oso txirrindu ezberdinak hautatu zituzten protagonistek. Joxe Antonio Mugicak kaleko bizikleta bat erabili zuen, gurpil finekin eta eskuleku zuzenarekin. Eta Josemari Iparraguirrek, berriz, BH txirrindu tolesgarri bat hautatu zuen apusturako.
Bi bizikleten gurpilen diametroa erabat desberdina izanik, Iparragirrek askoz pedalkada gehiago eman behar izan zituen ibilbide bera egiteko. Lasterketaren zatirik handienean bizikleta txikiak hartu zuen aurrea, baina itzuleran, Errota Zar futbol zelaiaren parean, Joxe Antonio Mugicak erasoa jo eta lehen postuan helmugaratzea lortu zuen.
Ikusmin handia sortu zuen apustuak. Bitxikeria moduan, Anes Arrinda parrokoak ordu-erdi aurreratu zuen errosarioa (19:30etik 19:00etara), herritarrek erronka ikusteko aukera izan zezaten.