1920ko hamarkada: Mikeleteak, aguazilak eta karabineroak

Erabiltzailearen aurpegia Argazki zaharrak 2025ko urr. 7a, 09:00

Argazkiaren egilea ezezaguna da, baina jakin badakigu irudia 1920ko hamarkadakoa dela. Lersundi kalean aterata dago, Montreal hotelaren alboan, eta ziurrenik Corpus Christiren prozesioari dagokio. Bitxikeria gisa, garai hartan herrian geneuzkan hiru polizia-indar desberdinetako kideak azaltzen dira bertan: mikeleteak, aguazilak (udaltzainak) eta karabineroak. 

Lehenengo planoan, ezkerrean eta bizkarrez, bi mikelete ikus ditzakegu, txapel gorria eta kapa jantzita; mikeleteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren polizia taldea ziren. Bigarren planoan, ezkerrean eta eskuinean, bi aguazil daude; biek ala biek daukate txapela, baita bastoi klasikoa ere (hura zen erabiltzen zuten “arma” bakarra). Beren atzean, berriz, herriko postuko karabineroak agertzen dira, ohiko txapelarekin eta uniforme grisarekin. Karabineroen eginkizuna kostak eta mugak zaintzea zen, baita kontrabandoaren aurka borrokatzea ere; azken Gerra Zibilaren ondoren, 1940an taldea desegin eta Guardia Zibilean sartu ziren. 

Alex Turrillas Aranzeta