Ez dakigu nor den argazki honen egilea, baina ustez 1910. urte inguruan ateratako irudia da. Egun euritsua aukeratu zuen argazkilariak. Lehen planoan, idien laguntzaz bainulariak uretan sartzeko erabiltzen ziren kaseten ilara luze bat azaltzen da eta alboan hainbat baineru (edo bainuzain) eta haur ageri dira. Ezkerrera begiratuz gero, aldiz, Deba eta Zarautz arteko trenbide tartea ordurako amaituta eta zabalik zegoela ohartuko gara.
Bainurako kaseten atzean, atentzioa ematen du egurrezko etxola handi batek, Esparza familiaren Gran Churreria Riojana-k, hain zuzen. Hondartzako gaur egungo aparkalekuaren erdian kokatuta zegoen eta bertan, uda partean, freskagarriak eta izozkiak zerbitzatzen zituzten, baita ospetsu egin zen txokolatea txurroekin ere. Urte batzuk beranduago, 1932an, familia berak eraikin eder bat altxatu zuen haren ondoan, Manuel de Cardenas arkitektoaren zuzendaritzapean; hasieran izen berari —Gran Churreria Riojana— eutsi zion arren, gerora El Casino izena hartu zuen.
Argazkiari begiratuta, ikus genezake oraindik ere ez dutela hondartzaren zabalgunea egin eta ez dagoela eraikinik lursail horretan. Atzealdean, Itxas-Ertz futbol zelai zaharreko ateak azaltzen dira eta itsasadarraren beste aldean hainbat etxe daude; desagertuta daude etxe guztiak, Bustiñaga baserria izan ezik.
Alex Turrillas Aranzeta